Zesta-punta denboraldia azken txanpan sartuta dago, baina pilotariek Floridarako hegaldia haurtu aurretik azken txapelketari aurre egin beharko diote: Munduko Pilota Batzarrak antolaturiko buruz buruko txapelketa. Zortzi pilotarik hartuko dute parte, baina faborito bakar eta handia izango du: Iñaki Osa, Goikoetxea. Zumaiarra banakako bederatzigarren txapela irabazten saiatuko da. Lehia larunbatean hasi eta urriaren 15ean bukatuko da.
Jai-Aliveko sei pilotarik eta Masterjaiko bik hartuko dute parte. Kanporaketa bidez jokatuko da, eta final-laurdenak larunbatean hasiko dira, Gernikan. Lehen kanporaketan Goikoetxeak eta Aritz Erkiagak neurtuko dituzte indarrak. Irabazleak Lander edo Hernandez izango du aurkari lehen finalerdian. Kanporaketa hori noiz jokatuko den zehazteke dagoen arren, erabakita dago finalerdia urriaren 12an jokatuko dela, Donostian.
Beste bi final-laurdenak jaialdi berean jokatuko dira, urriaren 8an, Markinan. Lopezek Irastorza izango du aurkari, eta Egiguren II.ak, Konpa beteranoa. Lehen aurrelari zen eta orain atzelari jokatzen duen arabarrak 40 urte beteko ditu urtarrilean. Irabazleek urriaren 13an jokatuko dute finalerdia, Durangoko Ezkurdi pilotalekuan. Finala ere Durangon jokatuko da, urriaren 15ean, sanfausto jaietako larunbatean.
Goikoetxea da faboritoa, eta Lopez da ezustekoa emateko hautagai nagusia, azken urteetan berak hartu baitu estuen txapelduna. Dena den, iaz Egiguren II.a izan zen txapeldunorde.
Zortzi pilotarik hartuko dute parte zesta-puntako buruz burukoan
Iñaki Goikoetxea da faborito bakarra, eta finala urriaren 15ean jokatuko da, Durangoko Ezkurdi pilotalekuan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu