Zozketan ere, krisia

Osasuna-Athletic eta Real Union-Betis kanporaketak jokatuko dira Espainiako Kopako final-zortzirenetan, urtarrilean

unai zubeldia
2008ko abenduaren 2a
00:00
Entzun
Real Madril kanporatu ondoren, Espainiako Kopan are aurkari handiagoa nahi zuten Irunen. Bartzelonari begira zeuden batzuk, une honetako jokoa aztertuta handietan handiena delako Kataluniako taldea; eta Athletici begira zeuden beste batzuk, zalantzarik gabe Real Unionen eta Athleticen arteko derbia bero-beroa izango zelako. Zer ez zuten nahi ere argitu zuten Real Unioneko jokalari, arduradun eta zaleek: «Andaluziarrik ez», esaten zuten gehienek. Eskatzea libre omen da, baina ez ematea ere bai. Atzo eguerdian egin zuten Espainiako Kopako final-zortzirenetako zozketa, eta Real Unioni Betis egokitu zitzaion, Andaluziako talde bat. Lehen Mailako taldea, talde indartsua, sasoi onean dagoena... baina Bartzelonak edo Athleticek eduki zezaketen xarmarik ez daukana. Roberto Lopez Ufarte Real Unioneko kirol aholkulariak -bere garaian Betisen jokatu zuen- gustura jaso zuen albistea. «Betis Lehen Mailako taldea da. Hala ere, aurreko kanporaketa izan zen guretzat sari handia».

Zaleentzat sari handia Osasunaren eta Athleticen arteko derbia izango da. «Kanporaketa zaila» izango dela adieraztearekin batera, atzoko zozketa «ona» izan zela esan zuen Joseba Etxeberria Athleticeko jokalariak. «Gogorra, zaila, lehia handikoa...». Derbi guztien berdina. «Niri itzuliko partida etxean jokatzea gustatzen zait, markagailua estu dagoenean edo luzapenean zaleen babesa izateko». Jose Antonio Camacho Osasunako entrenatzailearen adierazpenak dira horiek. Adierazpenak adierazpen, ordea, Athletic eta Osasuna Ligari begira daude erabat, eta Espainiako Kopan bizilagunaren aurka huts egiten duenak are presio handiagoa izango du.

Urtarrilaren 7an jokatuko dira joaneko partidak, Irunen eta Iruñean, eta astebete geroago itzulikoak, urtarrilaren 14an, Sevillan eta Bilbon. Real Union-Betis kanporaketako irabazleak Mallorca-Almeria partidako irabazlearen aurka jokatuko du final-laurdenetan. Osasuna-Athletic kanporaketa irabazten duenak, berriz, Sportingen edo Valladoliden aurka jokatu beharko du. Racing-Valentzia, Sevilla-Deportivo, Polideportivo Ejido-Espanyol eta Atletico Madril-Bartzelona dira final-zortzirenetako beste kanporaketak. Finalerdiak otsailaren 4an eta martxoaren 4an jokatuko dira, eta finala, maiatzaren 13an.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.