Iban Zubiaurre ari da pixkanaka Athleticen lehenengo aldiz aritzeko pausoak ematen. Mane gaurko partidarako behin-behineko deialdian sartu du mendaroarra, eta azkenean, San Mameseko aulkian esertzen den edo ez, gaur erabakiko du. Hemeretzi jokalariko deialdia osatu du entrenatzaileak, eta Zubiaurreren eta Arbillaren artean aukeratu beharko du, bietako bat kanpoan utziz. Litekeena da harrobiko jokalariaren alde egitea; hala ere, geroz eta gertuago dauka Zubiaurrek bere lehen partidaren eguna. Anaitz Arbillak 19 urte ditu, nafarra da eta Athletic Bn defentsan hegaleko zein erdian jokatu du. Vila-realen aurka lehen aldiz sar daiteke deialdian.
Gaurko partida sasoi hasieran espero zutena baino egoera kaskarragoan dauden taldeen artekoa izango da. Athleticek uste baino gertuago ditu jaitsierako postuak. Vila-realek, berriz, gero eta urrunago ditu Europako postuak. Halere, Athleticen sasoi eta konfiantza puntuak ez dauka zerikusirik aurkariak duenarekin. Talde zuri-gorria sasoiko unerik goxoenean dago. Azken lau partidatan hamar puntu irabazi ditu. Eskerrak, izan ere, duela hilabete egoera larria zena kezkagarria da orain. Athleticek emaitza bikainak eskuratu ditu, baina, halere, jaitsierako postuetan dauden taldeak gertu ditu oso. Izan ere, ligako talderik txarrenak esnatu egin dira azken jardunaldietan. Gehienek puntu asko irabazi dituzte. Ondorioz, beheko postuetan zeuden taldeek denboraldi hasierako egoera bertsuan jarraitzen dute. Berez, ez da albiste ona. Dena dela, duela hilabete eroso zeuden talde batzuk atzeko multzoan ari dira sartzen. Ondorioz, infernura joateko hautagaiak gehiago dira. Gauzak bide beretik jarraituz gero, lehen itzulia amaitzerako hamar talde egongo dira zulotik irten gura. Zenbat eta aurkari gehiago, hobe.
Futbolean emaitzek bakarrik balio dutela erakutsi du Athleticek, beste behin. Duela bost jardunaldi talde zuri-gorriaren inguruan zeuden eztabaida nagusiek egun ez dute oihartzunik. Indarra galdu dute. Inork ez du talde zuri-gorriaren filosofia ezbaian jartzen, taldea duela hilabeteko bera da, eta inork ez du aipatzen orain Ivan Campo fitxatzeko dagoen beharra -gehienak kontra daude--. Baina ezin dute itsutu. Denboraldi bukaeran hauteskundeak egingo dira; eta filosofia aldatzearen alde daudenek euren hautagaitza aurkeztu beharko lukete -indarra badute-, eta bazkideek sakon eta ondo hausnartu beharko lukete euren erabakia. Horrela, Athletic jokoan buru-belarri ari denean, eztabaida ekiditeko aukera egongo litzateke. Taldeari ez zaio horrelakorik komeni.
Bestalde, Athleticek jokalari beharra duela ezin da ukatu. Orain arte nahikoa lana izan dute Sarriugartek lehenengo eta Manek ondoren, zelai erdiko hutsuneak betetzeko. Zer gertatuko litzateke berez talentua soberan ez duen talde baten erabakigarriak diren hiruzpalau jokalari horietako batek min hartuz gero? Inork ez du gura horrelakorik, baina, ahal bada, taldea indartu beharra dago. Erokeriarik ezin da egin, baina Athletic mugatuta dago. Oraingoz, dagoenarekin egin beharko du aurrera Manek. Ez da asko, baina, egiari zor, ez dio etekin gutxi atera. Halere, badago zer hobetu. Athleticen erasoko jokoa ez da osoa. Defentsako lanean hartzen ari den konfiantza -Mallorcaren aurka arazorik barik kontrolatu zuen aurkaria- falta zaio erasoan. Athleticek asko asmatu du azkenaldian, izan ere, gol aukera gehienak sartu ditu. Gehienetan, gainera, aurrea hartu du markagailuan. Baina jokoa ez da landua, ez da sendoa. Estrategia da taldeak duen erasoko arma nagusia. Jokoan ere arriskua sortzeko, Manek aldaketak egin ditzake hamaikakoan zein joko sisteman.
ETXEBERRIA, ERASOAN. Etxeberria izan daiteke hamaikakoaren nobedade nagusia. Elgoibartarra izango omen da Urzaizen laguntzailea. Beraz, ez du eskuin hegalean jokatuko, erdian baizik. Urzaizen errematea eta goiko jokoari Etxeberriaren abiadura eta azkartasuna gehituko dizkio Athleticen erasoari entrenatzaileak. Beharbada, orain, erditik jokalari arriskutsuagoa izango da gipuzkoarra. Azken denboraldiotan abiadura galdu du, eta bere eraginkortasunak behera egin du hegalean. Halaber, Yestek ez du hasieratik jokatuko. Basauriarra sukarrak jota egon da aste honetan. Osatu da, baina Manek Gabilondoren aldeko apustua egingo du. Beraz, Athleticen talentu gehien duen jokalariak aulkitik ikusiko du partidaren hasiera.
Halere, entrenatzaileak atzealdean ditu arazo gehien. Prietok min hartu zuen ostiraleko lan saioan. Zuntz haustura du eta hilabete eta erdi egongo da jokatu ezinda. Amorebieta izango da, beraz, Sarriegiren bikotea erdiko atzelari gisa. Bestalde, ezker hegalekoan ez da aldaketarik egongo. Casasek eztarriko mina izan du, baina osatu da eta hasieratik arituko da.
Zubiaurre, behin-behineko deialdian
Manek hemeretzi jokalariko zerrendan sartu du, baina bera eta Arbillaren artean aukeratu beharko du gaur
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu