Zubieta, berriz kaiolara

Aspek Etxarrikoa hautatu du lau t'erdiko txapelketarako, eta litekeena da Asegarcek Lemunori aukera ematea

Imanol Magro Eizmendi.
2010eko urriaren 6a
00:00
Entzun
Gaur aurkeztuko dute lau t'erdiko txapelketa, Bilbon, eta Aitor Zubieta han egongo da. Iaz, lotailuetako lesioaren erruz, jokatu gabe gelditu zen, baina aurten berriz ere sartuko da kaiolan. Asegarceren aldetik, berriz, Stephane Lemuno da aipagarriena. Aurrelari kolonbiarrak itxura ona eman du udan, bakarka bereziki, eta, ondo bidean, gaur aurkezpenean egongo da.

Hogei pilotarik hartuko dute parte lau t'erdiko txapelketan, eta azken urteetako eskema bera errepikatuko da. Asperen aldetik, Abel Barriola eta Aitor Zubieta izango dira berriak. Leitzarrak jokatuko duela jakina zen, baina etxarriarraren egoera ez zegoen hain garbi. Binakako txapeldun izan zenetik arazo fisiko txiki ugari izan ditu, eta kolokan zegoen jokatuko ote zuen. Hainbat atzelarik, gainera, muzin egin diote kaiolan sartzeari aurreko urteetan. Enpresak, baina, aukeratu egin du. Beraz, hirugarrenez jokatuko du lau t'erdikoa. Aspek, era berean, Mikel Olazabali eta Mikel Beroizi beste aukera bat emango die. Biek iaz lehen kanporaketako partidak galdu zituzten. Alberto Ongaik, berriz, 2. Mailakoan hartuko du parte, eta igandean ekingo dio lehiari, Mikel Idoateren aurka, Lekunberrin.

Hutsuneak Asegarcen

Iazko txapelketako parte-hartzaileekin alderatuta, Asegarcek bi hutsune ditu betetzeko, Aimar Olaizola eta Iñigo Leiza min hartuta daudelako. Mikel Urrutikoetxea iazko 2. Mailako txapelduna gaurko aurkezpenean egongo da, eta Stephane Lemunok ere aukera izango du ziurrenik. Sanmateoetan debutatu berrien buruz buruko torneoa irabazi zuen, eta azken hilabetean lau t'erdiko partida bana irabazi die Aratz Mendizabal eta Iñigo Diazi. Asegarceko beste parte-hartzaileei dagokionez, baliteke Mikel Olaetxeak bigarrenez aritzeko aukera izatea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.