Zubieta, sei hilabete

Erresonantzia magnetikoak argitu du Etxarrikoak eskuin belauneko lotailua hautsita daukala

jon eskudero
Donostia
2010eko abenduaren 21a
00:00
Entzun
«Egia esanda, nahiko onartua neukan antzeko zerbait gerta zitekeela, lehendik ere arazoak bainituen toki berean», esan zuen Aitor Zubietak atzo, lesioa jakinarazi eta ordu batzuetara. Nahiko onartua izango zuen, bai; baina, hala ere, oso kolpe gogorra jaso zuen Etxarrikoak psikologikoki. Izan ere, erresonantzia magnetikoa egin aurretik ez zuen «batere minik» sentitzen, eta bazuen lesioa hain larria izango ez zelako itxaropena. Espero zezakeen albisterik gogorrena jaso zuen, ordea. Hautsirik dauka eskuin belauneko lotailua, eta sei hilabete inguru egin beharko ditu kantxetatik kanpo. Beraz, ezin izango du binakako txapela defendatu.

Lesioak azalpen erraza dauka, belaun horrek buruhauste bat baino gehiago sortu baitio aspaldian. Partzialki urratua eduki izan du lotailua, eta alboko giharretan egindako lanari esker iraun du horrenbeste, baina azkenean teink egin zion, eta ebakuntza egitea beste aukerarik ez dauka atzelari nafarrak. Iosu Sagastibeltza medikua arduratuko da ebakuntzaz, eta urtarrilaren 4an izango da hori, Iruñeko Ubarmin ospitalean. Bitarte horretan, baina, baditu etxeko lanak Zubietak: «Bizikletan ibiltzeko eta hanka indartzeko ariketak egiteko agindu dit medikuak, operazioa errazagoa izan dadin. Gabonetan buru-belarri ariko naiz horretan».

Atsekaberik handiena binakako txapelketa ezin jokatzeak ematen dio Etxarrikoari, iaz txapeldun izan ondoren: «Azkenaldian oso sasoi onean nengoen, binaka batez ere, eta oso gogorra da txapelketan parte hartuko ez dudala onartzea, ilusioz beterik bainengoen». Buruz burukoa ere ezingo du jokatu, eta sanferminetarako espero da itzultzea: «Hori pentsatuta mundua gainera erortzen zait, baina ez dago besterik. Dagoena hartu eta aurrera». Noski, Zubietaren lesioak plan aldaketa egitera behartzen du Aspe. Izan ere, Etxarrikoak parte hartuko zuela oso ziurra zen binakakoan, eta orain beste pilotariren baten aldeko apustua egin beharko du. Ziurrenik Beroiz edo Merino II.a izango da aukeratua.

Zaila da lesio batean alde onik aurkitzea, baina Zubietak ikusten du halakorik: «Azken urte eta erdian ezin izan dut bete-betean jokatu, belauneko arazoaren erruz, eta operatu ostean erabat osatuta egongo naizela pentsatzen dut, nire onena emateko». Azkenaldian beldur apur batekin jokatu omen du; beraz, ebakuntza ez zaio horren gaizki etorriko, erabat osatuta itzultzeko.

Abel Barriolak lehenik eta Aimar Olaizolak geroago, lesio bera izan zuten, eta haiek berrindartu direla ikusteak lagundu egiten dio Zubietari: «Biak ongi osatuta daude, eta horrek animoak ematen dizkit. Uste dut pazientziarekin hartuta eta lana eginda nik ere lortuko dudala».

Lagunen eta etxekoen laguntza beharrezkoa izaten da halako momentuetan, eta Etxarrikoari, behintzat, ez zaio batere falta: «Sakelakoa eta Internet sutan dauzkat, eta horrek asko laguntzen du. Zorionez, familia eta neska-laguna beti dauzkat alboan».

Bi jaialdi Urteberri egunez

Binakako Txapelketa Urteberri egunez hasiko da, eta bi jaialdirekin, gainera. Bata Eibarko Astelenan izango da, eta bestea Iruñeko Labriten. Zortzi bikote ariko dira lehian: enpresako, lau, eta 11 neurketa jokatu beharko dituzte ligaxkan. Aurkezpena datorren astean izango da.

Bestalde, Aspek torneo berezi bat antolatu du astebururako. Bost koadroren barruan binaka ariko dira Titin-Barriola eta Xala Beroiz larunbatean. Irabazleek Irujo-Laskurain izango dituzte aurkari, igandean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.