Aitor Zubietak dagoeneko ia agur esan dio binakako txapelketari. Iragan ostiralean pilota bat sartu zitzaion ezker eskuan, eta ezinean bukatu zuen partida. Eskuina ere ez du bere onenean, eta gelditzera behartuta dago. Hiru partida izan beharko dira gutxienez, eta horietan Iñigo Pascualek ordezkatuko du Aritz Lasaren alboan. Bikoteak ez du sailkatzeko aukera handirik; beraz, ez litzateke harritzekoa Zubietak partida gehiagorik ez jokatzea.
Etxarriko atzelariak ez du txapelketa gozoa izan. Duela bi urte txapeldun izan zenetik binakakoak ez dio pozik eman. Iaz, belauneko lotailuetako ebakuntza egin ondoren, ez zuen jokatu, eta aurten eskuetako minek ez diote bere maila ematen utzi. Duela bi aste ezin izan zuen jokatu, eta oraingo etenaldia luzeagoa izango dela dirudi. Ostiralean ezkerra mindu zuen, eta gelditu egin beharko du. Atzelariak kailua ireki nahi du, eta horrek hiru edo lau astez urrunduko du kantxetatik. Bere ordezkoa Iñigo Pascual izango da. Lizarrako atzelariak bizkarra mindu zuen Zubieta ordezkatu zuen partidan, baina medikuek uste baino goizago osatu da, eta ez du arazorik izango astelehenean Tolosan jokatzeko.
Txapelketako hurrengo jardunaldia inauterietan egokituko da, bete-betean, eta bi partida jokatuko dira Tolosan. Astelehenean, Titin-Merino II.a, Aritz Lasa-Pascualen aurka ariko dira; asteartean, Olaizola II.a-Beginok eta Arretxe II.a-Beroizek neurtuko dituzte indarrak. Beste bi partidak, berriz, larunbatean Iruñean eta igandean Eibarren jokatuko dira.
Dena ez dira albiste txarrak lesioei dagokienez, Ibai Zabala hilaren 21ean itzuliko baita pilotalekuetara. Berrizkoari ebakuntza egin zioten iragan azaroaren 10ean, eskuin eskuko hatz luze eta erakusleko odol zirkulazioa hobetzeko. Tolosan itzuliko da jaialdietara, Olaizola I.arekin bikote eginez, Saralegi eta Otxandorenaren aurka.
Zubietak ia agur esan du
Etxarrikoak, eskuko minez, ezingo ditu jokatu hurrengo hiru partidak, eta Pascualek ordezkatuko du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu