Zubietatik Ipuruara

Jon Errasti eta Dani Garcia, Eibarreko jokalariak, Realeko harrobian ibilitakoak dira, eta urte haietan bizi izandakoa kontatu diote BERRIAri. Ez zuten han gauzatu Lehen Mailan aritzeko ametsa; orain ari dira betetzen, Eibarren.

Aitor Manterola Garate.
Arrasate
2015eko urtarrilaren 24a
00:00
Entzun
Ipuruatik Zubietara, eta Argixaotik Zubietara. Jon Errastik (Eibar, Gipuzkoa, 1988) eta Dani Garciak (Zumarraga, Gipuzkoa, 1990) egindako bidea da, hurrenez hurren. Beste asko bezala, herriko taldetik joan ziren Realera, amets handia buruan zutela: Lehen Mailan aritzea.

Hala ere, futbolak ematen dituen jira-birak ezustez beterikoak izaten dira batzuetan, eta txikitako amets hura non eta Eibarren betetzen dabiltza biak. Realeko esperientzia beste katebegi bat izan zen bien ibilbidean. Zubietan bizi izandakoaren berri eman diote BERRIAri.

Reala Txapeldunen Ligan mende honen hasieran ere aritu zen, 2003-2004ko denboraldian. 15 urte baino ez zeuzkan orduan Errastik. Lauzpabost urte lehenago hasia zen futbolean, Eibarren futbol eskolan. Nabarmendu egingo zen, eta Realak jo zion etxeko atea: «Ez naiz oroitzen nola izan zen kontua. Badakit denboraldia amaitu berritan Realeko kide bat etorri zela hitz egitera, eta orduan esan zidan Realak nahi ninduela. Gurasoek jakingo zuten aurretik zerbait». Ezuste polita izan zen gaztetxo harentzat, nola ez: «Beti izan naiz Realekoa, etxean Reala asko bizi izan dugu beti, eta pentsa zer izan zen niretzat Realak fitxatzea».

Dani Garcia Urolan ari zen jokatzen: «15 urte neuzkan arren, lehen taldean jokatzen nuen. Esperientzia polita ari zen izaten niretzat». Ez zuen buruan Realera edo beste inora joaterik: «Deituko zidatenik ere ez zitzaidan pasatzen burutik». Baina, ezustean, Reala azaldu zitzaion parera: «16 urterekin hasi nintzen Realarekin entrenatzen, eta bi urtez egon nintzen gazte mailako taldean». Realak deitu zion garai berean izan zuen aukera Euskadiko selekzioan aritzeko, eta aitortu du deialdi hark ireki ziola jauzia emateko itxaropen bat: «Euskadin aritzeko aukera heldu zenean hasi nintzen pentsatzen bazitekeela Antiguoko edo horrelako talderen batek ni eramatea, baina Realaren aukera pentsaezina zen». Gertatu egin zitzaion, ordea, eta han joan zen Zubietara.

«Gogoan daukat bai aurreneko egun hura. Errespetu handia eman zidan han azaltzeak, eta, batez ere, taldekide berrien mailan aritu beharrak. Oso onak ziren». Eizmenditarrak, Jon Gaztañaga... Horiekin aritu zen jokatzen Realean, eta ederki gogoratzen ditu. Beharko gogoratu, elkarrekin egiten zituztelako Zubietarako joan-etorriak: «Taxi batean joaten ginen. Ni hartzen ninduen aurrena, Zumarragan, eta gero, Beasainen, Tolosan eta Andoainen egiten genuen geldialdia, besteak hartzeko».

Errasti autobusean eramaten zuten Zubietara. «Elgoibarko autobus enpresa bat arduratzen zen gure garraioaz. Oso giro ona izaten zen autobusean, ederki pasatzen genuen joan-etorrian... ikasi behar ez zen egunetan». Jokalari gazte haiek errepidean igarotzen zuten asteko tarte handi bat, Zubietara joan-etorrian, eta ikasi ere egin behar... Errastik errepidea baliatzen zuen ikasteko: «Autobusean ikasten nuen tokatzen zitzaidanean. Egin ezazu kontu 17:00ak aldera ateratzen nintzela Eibartik, eta ez nuela etxea zapaltzen 22:00ak arte».

Kilometroak hizketan jaten zituen, aldiz, Dani Garciak: «Ni bidean hitz egin zalea nintzen, taxiko berritsua. 15:00ak aldera ateratzen ginen, eta 20:00ak inguruan itzultzen. Afaldu eta gero heltzen nien liburuei. Gurasoek garbi esan zidaten ikasi ere egin behar nuela».

Realeko harrobiko gazteek badute bizileku bat, klubak horretarako propio duena. Errasti hara joan zen bizitzera bigarren urtetik aurrera, eta esperientzia ona izan zela dio: «Aldaketa handia da. Gurasoen babesik gabe zaude aurrenekoz, eta zuk atera behar dituzu babak eltzetik. Pertsona modura hazteko oso lagungarria izan zen esperientzia hura». Dani Garcia bazkaltzera bakarrik joaten zen hara, bigarren urtean.

Reala uzteko unea

Dani Garciak bi denboraldi baino ez zituen egin Zubietan. Tankera eman zion zer zetorkion bigarren sasoiaren amaiera baino lehen: «Pentsatzen nuen ez zidatela Reala B-ra igotzeko aukera emango. Txarrena taldekideak eta Zubietako langileak agurtzea izan zen; oso une gogorra izan zen».

Errastik izan zuen aukera Realeko bigarren taldean jokatzeko, eta ez denbora gutx,i gainera: «Lau denboraldi egin nituen bigarren taldean, eta sasoiak pasatu ahala konturatu nintzen ia ezinezkoa izango nuela lehen taldera igotzea, jokalari asko zeudelako nire lekuan, euskarrien tokian». Hala ere, lanean serio asko jarraitu zuen: «Hobetzen saiatu nintzen, taldeari laguntzeko eta ni hazteko». Realak ateak itxi zizkiolako ez dago haserre: «Beti emango dizkiot eskerrak klubari, jokalari eta pertsona modura hazten lagundu zidatelako». Dani Garcia ere ez dago haserre Realarekin: «Bide asko daude Lehen Mailara igotzeko».

Eibarrekoa, esaterako. Gaurbiak Anoetan jokatzen ikusten dituztenean, Realean dauden harrobiko gazteek pentsatuko dute horien bidea ere balekoa dela gora heltzeko, Realetik kanpo ere badela aukerarik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.