Astelehen iluntzea. Afalaurrea. Juanma Garate sakelakoaren beste aldean: «Dei nazazu 22:30 aldera, bihar [atzo] sakelakora itsatsita igaroko baitut eguna ziurrenik». Atseden egunak elkarrizketa luzea errazten du. Ordu erdiko laburpena, honatx.
Giroak bi aste egin ditu, eta azkena, erabakigarriena hastear dago. Kanpotik jendea nahiko jota ikusten da. Ados al zaude ikuspegi horrekin?
Beno, batzuk bai eta besteak ez. Jende askok ikaragarri sufritu du Dolomitetan, baina beste askok ez. Gaurko saioan [herenegungoan] ziztu bizian etorri dira esprinterrak eta haien taldekideak. Jendeak badu indarra.
Zuk zeuk jipoi handia hartu al duzu mendiko bi etapa gogor horietan?
Bai, hartu dut, baina ez nau horrek arduratzen. Gustura ibili naiz, sentsazio on-onekin, eta hori gertatzen denean, nekea ez da hainbeste nabaritzen.
Sentsazio on-on horiek azaltzeko modurik bai?
Bai. Stelvion gora nahiko geldo gindoazela uste nuen, nahiko erraz nindoalako. Stelvio, dena den, Stelvio da, eta beti egiten du galbahe handia. Gainetik 15 lagun bakarrik igaro ginen onenen tropelean eta horrek hain mantso ere ez ginela igo esan nahi du.
Dolomitetako lehen etapan, Ihesaldi luze batean, errenta polita irabazi zenuen, eta Stelvioko etapan Simoniren erasoari ondo erantzun zenion. Kanpotik oso indartsu zaudela ikusten da. Egia al da?
Hala uste dut. Ortisein bukatu zen etapan, Pietro Algeri kirol zuzendariari gorputzaldi ona nuela esan nion, eta pilatutako atzerapena berreskuratzen saiatu behar nuela. Ihesaldia ez zen zorte kontua izan, hori bilatu genuen taldean. Bagenekien Bassok ez zuela taldea lehertuko ihesaldiak galarazten. Bete-betean asmatu genuen, eta orduan lortutako aldeari esker nago aurre-aurrean.
Igandekoan larunbatean egindako ahalegin handia ordaintzeko beldurrik izan al zenuen?
Ez, ez nintzelako hustu. 180 kilometro egin genituen ihes eginda, baina taktikoki bikaina izan zen gure lana. Aurrean ginen denak, 20 txirrindulariak pasatu ginen burura eta horrek beti samurtzen du nekea. Lobato taldekideak ere dezente arindu zuen nire jarduna.
Bassok kale egin du gaixotasunagatik, Savoldelli ere ez zen fin ibili Foscagnon, itxuraz Simoni ere ez dago bete-betean, Di Luca noiz lehertu zain dago jendea... Argi pixka bat emateko moduan?
Ea lortzen dudan [barrez]. Savoldellirena espero nuen. Liderra da eta liderrak eta bere taldeak buruan joan behar dute. Babesik gabe doa tarte handian eta hori nabaritu egiten da. Simoniri buruz, aurreko urteetako surik ez duela esango nuke. Badu erasoa jotzeko ahalmena, baina ez du beste urteetako freskotasunik hasierako erritmo horri eusteko. Horregatik ez du hausten. Foscagnon haren gurpila zaintzen jardun genuen nik neuk eta Di Lucak, eta askoz lehenago joko zuela pentsatzen genuen. Patxik [Vila] eta Cunegok lan handia egin zuten bi mendateetan. Lehenago jo ez bazuen, ezin zuelako, ziurrenik.
Eta Di Lucari buruz zer, lehertuko al da?
Bai, Giroa bukatzen denean, akaso. Esan eta esan ari dira, baina nik beste inor baino indartsuago ikusten dut. Berak du tropeleko pedal kolpe finena eta ez dut uste lehertuko denik. Foscagnon Simoni eta ni neu azken 300 metroetan jo zuen erasoarekin harrapatu gintuen. Bera da indartsuena.
Rujano txikiari buruz zer?
Zer? Ba estu zaindu beharko dugula. Su ikaragarria dauka eta ez dakit Giroa irabaziko duen, baina baten bat hondoratuko duela, ziur.
Laugarren zaude, podiuma esku-eskura eta lidergoa urrunegi ez. Zein burutazio dituzu?
Burua hotz daukat. Ez dut sailkapenarekin itsutu nahi, lor dezakedanarekin erotu, burua presionatu. Giroa hasi aurretik, lehen hamarren artean sartzea zen asmoa. Hor nago, eta gustura. Ez diot mugarik jarri nahi nire jardunari, baina ez daukat beldurrik. Bi egun erabakigarri ditugu aurretik eta etorriko dena natural onartuko dut.
Laugarren postuan sailkatu zinen 2002an. Postu hori hobetzeko arriskatzeko prest?
Bai, bai, garbi daukat, gainera. Aztertu dut egoera eta arriskatu egingo naiz. Iritsi naizen lekura iristeko ikaragarri sufritu dut, baina arriskuak pena merezi du. Dolomitetako bigarren etapan erasotzeko tentazioa izan nuen, baina beldurtu egin nintzen, ez ote nuen gero garesti ordainduko. Ondoren konturatu nintzen saiatu beharra nuela, eta damu naiz apur bat. Egoera hori ez da errepikatuko.
Nola arriskatuko duzu? Diesel samarra zara, txispa bizirik gabeko karrerista.
Nola? Erasoa jotzen. Egia da hobeto moldatzen naizela martxa bertsuan joanez gero, baina talde txikietan-eta badut abiadura puntu bat. Horrek txispa badudala esan nahi du. Eta txispa baino gehiago saiatzeko gogoa.
Limone Piemonteko bukaera, Turingo erlojupekoa eta Finestre horma geratzen dira. Non erabakiko da Giroa?
Zalantzarik gabe, Finestren. Ez dut uste Limone Piemonte erabakigarria izango denik. Erlojupekoa, ziurrenik bai, baina Finestrek finkatuko du nagusia. Simonik eta Rujanok, Lamprek eta Selle Italiak nola jokatu da han erabakigarria.
Erlojupekoa ona da zuretzat.
Bai, asko. Ezagutzen dut, lehenengoa baino hobea da niretzat eta alde handiak egin litezke. Podiuma lotu dezaket ostiralean.
Bota podium bat, oinak lurrean.
Danilo Di Luca, Gilberto Simoni eta Juanma Garate.
Eta amets egiteko aukera emanez gero?
Juanma Garate, Gilberto Simoni eta Paolo Savoldelli.
Ondo baliatu duzu aukera.
Behin amets egiten hasita, mugarik gabe egitea hobe!
TXIRRINDULARITZA. ITALIAKO GIROA. JUANMA GARATE .
«Zuhurregi jokatu nuen Dolomitetan eta damu naiz; arriskatu egingo dut»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu