Zuloa erabat urruntzeko

San Antoniok Antequera aurkari zuzenaren aurka jokatuko du gaur Iruñean (18:30)

Erredakzioa
Iruñea
2010eko azaroaren 13a
00:00
Entzun
Asobal ligako azken bi partidak irabazita, azken postuak erabat urruntzeko aukera polita dauka gaur San Antoniok NUPeko pabiloian, Antequera aurkari zuzenaren aurka (18:30). Iruindarrek 23-24 irabazi zuten joan den astean Logroñoren aurka, eta 25-29 orain bi aste Guadalajararen aurka. Etxetik kanpo bi partida, bi garaipen, eta sailkapenean seigarren, eroso, hamar punturekin. Iruñea aldean bazekiten denboraldia zaila izango zela eta diru kontuek eragina izango zutela. Baina, oraingoz, uste baino emaitza hobeak lortzen ari dira. Orain hilabete eskas, adibidez, azken unean galdu zuten Bartzelona handiaren aurka, 25-26.

Talde lehiakorra sortu du Juanto Apezetxea entrenatzaileak, baina nafarrek ezin dute ahaztu zein den denboraldiko lehen helburu argia: jaitsiera postuetatik urrundu eta mailari estutasun handirik gabe eustea. Bide horretan pauso garrantzitsua eman dezakete gaur. Izan ere, Antequera 10. postuan dago sailkapenean, sei punturekin, eta irabaziz gero, hiru partidaren aldea aterako liokete jaitsi, ez jaitsi borrokan ibili beharko lukeen talde bati. Jaitsiera postuak, berriz, zortzi puntura utz ditzakete nafarrek.

Oso partida garrantzitsua da, beraz, gaurkoa, eta nafarrek hutsune garrantzitsu bat izango dute: Victor Alvarez erdikoarena. Espainiarrak osatuta zeukan ezker hankan izan zuen zuntz haustura. Baina aste honetan min hartu du, berriz ere, leku berean, eta gaur ezingo du jokatu. Victorrek bizpahiru aste beharko ditu osatzeko, eta ligako bi partidaz gain, Europako lehiaketako beste bi ere galduko ditu.

Lesio horrekin larrituta dago Apezetxea: «Gure mailako aurkariak dauzkagu orain ligan, eta Europako lehiaketako partidak ere badauzkagu». Partida kopuruak arduratu du San Antonioko entrenatzaileak. «Hain jokalari gutxirekin eta lesioekin ez dakidalako taldeak nola erantzungo dion partida kopuru handi horri». Hori bai, entrenatzaileak ez du urrutira begiratu nahi. «Pauso-pauso joatea da onena».

Antequeraren aurkako partida da orain garrantzitsuena. «Eta eurak motibazioz gainezka etorriko dira». Antequerak 32-24 irabazi zion joan den astean Guadalajarari, eta espainiarrek bi puntura aldendu dituzte jaitsiera postuak. «Liga hasieran jokalari batzuk min hartuta eduki zituzten, baina pixkanaka osatzen ari dira, eta goraka doaz. Azken lau partidetatik hiru irabazi dituzte». Gaur egingo du debuta, gainera, fitxatutako azken jolakariak: Bojan Stefanovic Arrateko jokalari ohiak.

Bera Bera-Elx, 19:00etan

ABF ligako hirugarren postua izango dute jokoan gaur Bera Berak eta Elxek, 19:00etan, Donostiako Bidebieta kiroldegian. Joan den astean Eldaren aurka 40-29 galduta, laugarren dira orain donostiarrak, 11 punturekin, baina hirugarren postu preziatu hori kendu nahi diote gaur Elxi (12 puntu dauzka). Defentsa gogorra eta kontraerasoa dira donostiarren indarguneak, eta joan den astean hortxe egin zuten herren, defentsako lanean. Partida gogorra espero da gaur, Elxek ere oso defentsa gogorra daukalako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.