Zulotik irteteko irrikan

Lasaitasuna eman diezaiokeen hirugarren garaipena jarraian eskuratu gura du Athleticek gaur

haritz gallastegi
2008ko otsailaren 24a
00:00
Entzun
Azken hiru denboraldiotako asterik lasaiena izan da Athleticentzat. Jokalariek bi eguneko atsedena izan dute, lan saio arinak egin dituzte eta prentsa aretoan irrifartsu agertu dira. Ez da gutxi. Gutxitan ikusi ohi da horrelakorik.

Azken bi partidak irabazi izanak eragin du gaixo zegoen Athleticen hobekuntza. Oraindik sukarra dauka, baina hobetuz doa. Marka txikiak gainditu behar izan ditu horretarako. Batetik, lehen aldiz lortu du bi neurketa jarraian irabaztea. Bestetik, Vicente Calderonen jokatutako partida izan galtzen hasi eta irabazi duen lehen norgehiagoka. Ez dira lorpen ikusgarriak, baina estu eta larri dagoen talde batentzat marka txiki garrantzitsuak dira.

Azken emaitzak onak izan arren, talde zuri-gorriaren egoera kezkagarria da oraindik. Jardunaldi txar batek irauli egin dezake sailkapena hamargarren postutik atzera. Caparrosen taldea «txarren» ligako lehen postuetan dago, baina mailari eusteko borrokan dabiltzan taldeen artean dagoen parekotasuna aintzat hartuta, partida bat edo gehienez bi galtzea nahikoa da amildegi ingurura bueltatzeko.

Athleticeko zaleek jakin badakite zein den taldearen egoera. Beste edozein egoeratan bi garaipen nahikoa izango ziren UEFA Koparen gainean berba egiten hasteko. Baina zaleak ez dira fidatzen. Azken hiru denboraldiotako eskarmentua dute. Aurreko bietan gertatu zenetik ikasi ez badute, sasoi honetan taldea egiten ari den jokoa aztertu besterik ez dute. Athletic erakusten ari den jokoarekin mailari eustea izan behar da helburu bakarra. Ez litzateke lorpen txikia.

Emaitza onek ematen duten lasaitasunak talde baten jokoa erabat alda dezakeela esaten da sarri futbolean. Garaipenek jokalarien autoestimua eta konfiantza nabarmen handitzen dituztela, alegia. Bi garaipen jarraian lortzea ez da dosi handia, baina baliteke Athleticentzat nahikoa izatea. Esperantza ez baita sekula galdu behar. Azken jardunaldietan baino hobeto jokatu ezean, gaitza izango da gaur Vila-Real mendean hartzea. Levanteren aurka bezala jokatuz gero, behinik behin, ezinezkoa izango da. Gaur hirugarren sailkatuak bisitatuko du San Mames. Manuel Pellegriniren taldea UEFA Kopatik kanporatu berria izan da. Osteguneko porrotak ez zion onik egingo Vila-realeko jokalariei. Euretako asko goi mailako jokalariak dira eta ez daude galtzen ohituak.

Hala ere, inork ez dezala pentsatu burumakur zelairatuko direnik. Datorren denboraldian Txapeldunen Liga jokatzea dute xede Nihat, Pires eta enparauek. Horretarako, Ligan egin beharko dituzte lanak. Orain arte ez dute huts egin. Fernando Roig presidenteak egitasmo indartsua jarri du abian. Manuel Pellegrini entrenatzailearengan konfiantza osoa daukala erakutsi du. Pellegrinik, berriz, denbora emanez gero lan ona egin dezakeela erakutsi du. Baloiaren jabetza ardatz duen futbolaren aldeko apustua egin du txiletarrak. Horretarako, futbolari onak fitxatu ditu. Emaitzak ere onak dira. Etxean zein kanpoan berdin jokatzen du Vila-Realeak. Bere armekin, beldurrik gabe erasotzen du aurkaria. Garaipena besterik ez du buruan. Horregatik da talde arriskutsua.



ORBAIZ MIN HARTUTA. Athleticek lan ona egin beharko du Vila-Real mendean hartzeko. Eta, horretarako, gustuko dituen jokalari guztiak ditu prest Caparrosek; Orbaiz izan ezik, erdilariak gainkarga baitu ezker kuadrizepsean. Muñozek hartuko du haren tokia hasierako hamaikakoan. Yestek eta Adurizek ere arazo fisikoak izan dituzte astean zehar, baina ez dute huts egingo. Donostiarrak, hala ere, baliteke hasieratik ez jokatzea. Etxeberriak, Ramosek eta David Lopezek joka dezakete Adurizen partez. Caparrosek daukan zalantza bakarra da. Calderonen Ustaritz aulkian lagatzeko teoria errepikatzen badu, Aitor Ramosek jokatu beharko luke. Ocio Romaredan merezi barik egotzi zutela eta zigorra bete ostean hamaikakoan jartzea merezi zuela argudiatu zuen Caparrosek Ustaritz hamaikakotik kentzeko. Bada, kontuan hartuta Ramosek min hartuta utzi zuela Levanteren aurka partida, behin osatu ostean postua berreskuratu beharko luke. Baina ez dirudi Caparrosek teoria bera erabiliko duenik. Etxeberria izan daiteke Adurizen lehiakide nagusia.

Harmailan egongo den Gurpegi ere protagonista bilakatuko da. Andosillakoari bi hilabetegeratzen zaizkio lehiara bueltatzeko. Zaleek euren babesa eskaini gura diote gaur, eta 30.000 txartel berde banatuko dituzte jokalari nafarraren egoera salatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.