Zulotik zerura, eskarmentua

Bizkaia Bilbo Basket infernutik zerura pasatu da hilabete gutxian; ACB ligako liderra da egun. Katsikarisek neurriko taldea egiteko aukera izan du, eta jokalariak ondo ari dira.

Andoni Urbistondo.
2010eko urriaren 15a
00:00
Entzun
Bizkaia Bilbo Basket talde gutxitan izaten den moduan itxuraldatu da hilabete gutxian. 2009-2010eko denboraldi hasieran ilusioa sekulakoa zen Bizkaian: talde polita, erakundeen konpromiso sendoa eta zaleen laguntza zintzoa. Osagai guztiak pixkanaka-pixkanaka elitera hurbiltzeko. Etxeko lanak ondo egin zirela zirudien, baina egutegiak azkar utzi zuen agerian bizkaitarren ezina: 2-5 balantzea lehen hilabetean; azaroan goranzko bidea hartu ezin; jaitsiera postuek eragiten duten itolarria; Chris eta Alex Mumbru izarren ekarpen apala; Jerome Moiso eta Txus Bidorretaren arteko harreman txarra...

Gabonak pasatu ziren, eta egoerak onera ez, txarrera egin zuen. Jokalari aldaketaren batekin hasi zen iraultza, baina azkenean entrenatzaileak hartu behar izan zuen ekimena, eta kargua utzi zuen Bidorretak. «Taldea lehenbailehen susper zedin». Fotis Katsikaris greziarra fitxatu zuten bilbotarrek, Bidorretak berak aholkatuta, eta, kostata izan bazen ere, zulotik atera zen taldea. Zortzi onenen artean sartzeko zorian ere izan zen, baina atarian geratu zen azkenean.

Katsikarisek bere neurriko taldea egin du udan. Erabaki garrantzitsuak hartu ditu, eta epelak entzun behar izan ditu. Javi Salgado taldeko ikurrari klubeko ateak zabaldu zizkion, hirugarren joko antolatzailea izango zela esanez. Seibutisek, Moisok, Markotak eta Salva Guardiak ere hanka egin zuten, baina hartutako erabakiak eraginkorrak izan direla erakutsi dute denboraldi-aurreak eta liga hasierak. Katsikarisek taldea hartu zuenean, urtarrilaren 18an, 5-13 zen ligako balantzea, eta, orduz geroztik, irauli egin du garaipenen eta galdutako partiden zenbakia: 13-5.

Kopuru horri denboraldi-aurrean lortutako 6-0eko balantzea gehitu behar zaio, sei garaipen horietatik lau ACB ligako taldeen aurka izan baitziren. Zerk aldatu du dinamika? Zergatik dabil liga hasiera honetan Bilbo Basket garaipenaren arrastoan, eta joan den denboraldian ez? Galdera egitea erraza da; erantzutea ez hainbeste. Alex Mumbruren azalpena, honatx: «Joan den denboraldia txar-txarra izan zen denontzat: jokalariak, teknikariak, zaleak... Tentsioa handia izan zen, eta hori pasatu genuenok ahalegin handia egiten ari gara egoera berriro ez errepikatzeko».

Eskarmentuaren onura, iraganeko oroitzapen zitalak betiko hondoratu nahia: «Meritua denona da. Jakina, Katsikaris entrenatzailearena aurrena, baina baita jokalariena eta zaleena ere. Katsikaris multzo trinko bat sortzen ahalegindu da eguneroko jardunean, non denak sentitzen garen garrantzitsu. Zenbakiak hobeak zein txarragoak izan».

Bilbo Basketek ligako lehen bi partidak irabazi ditu, eta ACB ligako liderra da. Anekdota hutsa izan liteke, baina lider izateak kemena ematen du, konfiantza. Eguneroko lana bere fruituak ematen ari dela erakusten duen saria da. Indar handiagoa ematen dute, halere, Manresan eta Valentziaren aurka lortu diren garaipen argiek, eta garaipen horiek lortzeko moduak. Denek lagundu dutelako. Izarrak zein langileak izan, soldata ona zein ez hain ona izan, kontratu luzea zein egun batzuetakoa izan. Eta hori entrenatzailearen meritua da.

Alex Mumbruk bikain hasi du liga. 14 puntu eta bederatzi errebote lortu ditu batez beste lehen bi partidetan. Joan den sasoian ere bikain ekin zion denboraldiari, Poloniako Europako Saskibaloi Txapelketan lortutako sasoi onari esker. Gabonak aldera nabarmen egin zuen okerrera haren errendimenduak, eta sasoi honetan ere antzeko zerbait gerta liteke. Orain ondo ari direnek aurrerapausoa eman, eta erantzukizuna hartzeko ordua izango da. Chris Warrenen kasuan, adibidez. Italiako Legan partidako 16 puntu sartzen zituelako ekarri zuten, eta joan den sasoian pattal ibili zen.

Etorri berrien ekarpen ona

Mumbru eta Warren bezain garrantzitsuak izan dira lehen bi jardunaldietan etorri berriak direnak. Bakoitza bere zereginean: Aaron Jackson, gidatzen, eta saskiratzen, taldeak haren beharra duenean; Kostas Vasileiadis, hiruzpalau minututan 10 puntu sartzen; Hernandez-Sonseca eta Mavroeidis, saskipean egurra ematen. Zer esan Josh Fischer eta Martin Ranciki buruz, aste batzuetako kontratuak izan arren, bi garaipen horietan erabakigarriak izan baitira.

Bihar Real Madril etorriko da bisitan. Irabazita ere, litekeena da lidergoa galtzea, baina lider izatea baino garrantzitsuagoa da balantzea 3-0ekoa bihurtzea, dinamika garailean jarraitzea. Bilbo Basketek hilabete eta erdi luze behar izan zuen joan den sasoian hirugarren garaipena lortzeko. Sasoi honetan hiru astean bakarrik lor dezake marka hori, eta hirugarren garaipenak atzetik beste asko ekar ditzakeela jakitun dira Bilbo aldean.



Ezuste handirik ezean, Baskonian jokatuko du Martin Rancikek

Datorren astelehenetik aurrera, hilabetez, Martin Rancik eslovakiarra Caja Laboral Baskoniako jokalaria izango da, ia ziur. Rancikek etzi arteko kontratua dauka Bilbo Basketekin, eta jokalariak berak onartu du bere ordezkariak Baskoniarekin hizketan ari direla, eta gasteiztarrak jokalaria zer moduz dagoen galdezka aritu direla. «Urtebete jokatu gabe igaro ostean, oso aukera ederra izango da Euroliga jokatzea». Ranciken beraren hitzak dira horiek. Inork ezin du oraindik ezer argitu, baina astelehenean iritsiko da albistea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.