Khimki 79-76 Kirolbet Baskonia

Zurezko eskumuturrak

Baskoniak garesti ordaindu du jaurtiketan izandako egun txarra. Lau hiruko sartu ditu bakarrik, eta hamabost jaurtiketa libre huts egin

Imanol Magro Eizmendi.
2019ko urriaren 12a
00:00
Entzun
Khimki. Shved (21), Bertans (2), Timma (18), Jerebko (2), Booker (14) —hasierako bostekoa—, Zaitsev (3), Desiatnikov, Monia, Gill (2) eta Evans (17).

Kirolbet Baskonia. Vildoza (10), Shields, Garino (2), Xengelia (18), Eric (9) —hasierako bostekoa—, Henry (16), Janning (6), Diop (2), Fall (9) eta Polonara (4).

Markagailua. 27-17, 43-39 (ats.); 62-55 eta 79-76.

Epaileak. Pukl, Ryzhyk eta Balak. Garino Baskoniakoa kanporatu zuten faltengatik.

Bestelakoak. 5.841 ikusle Mitixtxi Moskuko pabiloian.

Baskoniak egun txarra izan zuen atzo Moskun. Agian arrazoi sinpleegia dirudi galduriko partida bat azaltzeko, baina laburbiltzeko modu ona da. Hori pentsatuko eta desiratuko zuen Velimir Perasovicek ere. Alegia, ikusitako sintoma txarrak egun bateko kontua izan zirela, sasoi hasierako ajeak eragindakoak. Horri, denboraldi honetan Khimkiren pista plaza zaila izango den kontsolamendua gehituko zion ziur aski. Gasteizko taldeak, izan ere, puntuak sartzeko arazo asko izan zituen, kanpoko lerrotik batez ere, eta horren ondorioz izan zuen Euroligako lehen porrota. Gabezia hori estaltzeko fitxatu zuten Nik Stauskas udan, eta, atzo, nabaritu zuten eskumutur arin eta fidagarri baten premia. Lesioa gaindituta, eskolta hasia da entrenatzen, eta aurki itzultzea espero da.

Estatistikak gezur asko estaltzen ditu saskibaloian, baina atzoko partidakoak argi erakusten ditu Baskoniaren lotsak. Hasteko, hamabost jaurtiketa libre huts egin zituen: 33 bota, eta hemezortzi sartu zituen. Fallek bederatzi huts egin zituen hamabi saiakeratik. Hori asko oparitzea da, are gehiago zure taldea hiruko marratik ere fin ez badabil: hogeitik lau sartu zituen Baskoniak. Bikoetan ere ez zen %50era iritsi, eta hiru hegalekoek zortzi puntu baino ez zituzten sartu.

Matematika hotzaren azalpena da hori, eta, gero, errealitate gordina dago. 76 puntu sartuta Moskun irabazi nahi duenak, oso ondo defendatu behar du, eta horretan ere boladaka jardun zuen. Lehen laurdenean, Khimki ezin erosoago aritu zen (27-17), eta, ordurako, Timma Baskoniako jokalari ohiak hamabi puntu zeramatzan. Bigarren laurdena ere antzera hasi zen, eta etxekoak hamasei punturen aldea ere lortu zuten (39-23, 16. min.).

Baskoniak, baina, erreakzio bikaina izan zuen. Ili Diop kantxaratu, Henry eta Vildozarekin bat eginarazi, eta tartea jaten hasi zen. Defentsari esker izan zen, eta balentria txiki bat lortu zuen. Lau puntura gerturatu zen atsedenaldian (43-39), eta batera hirugarren laurdenaren hasieran (46-45). Diopek asko gozatu zuen minutu horietan: aspaldiko partez, garrantzitsu sentitu zuen bere burua.

Puntu batera gerturatu bai, baina ez zen aurretik jarri, eta Khimkik buelta eman zion larrialdiari. Schvedek ardura hartzen jarraitu zuen. Kurtinaitisek nahi duena egiteko eskubidea eman dio antolatzaile garaiari. Zortzi hirukotatik bakarra sartu zuen, eta sei baloi galdu zituen, baina, hala ere, 21 puntu sartu zituen, eta, batez ere, zortzi asistentzia eman zituen. Khimkik, izan ere, blokeoaren eta jarraipenaren bidez odolustu zuen Baskonia.

Blokeoa eta jarraipena

Saskibaloi modernoan jokaldi hori da sistema gehienen oinarria, eta Khimkik mugaraino zukutu zuen. Etxekoek sei alley-oop eta saskiratze erraz asko lortu zituzten. Perasovicek sututa bukatu zuen, haserrea irentsi ezinda. Jeremy Evansek, bitartean, NBAko birrintzeen lehiaketa zergatik irabazi zuen erakutsi zuen. Bere soldatakoek ondo inbertituriko milioika errubloak dirudite. Hari esker, zazpi puntu inguruko aldea ireki zuen Khimkik (62-55, 30.min.), eta ondo kudeatu zuen azken laurdenean. Baskonian Xengeliak eta Henryk hartu zuten ardura erasoan, baina gehienetan buruz buruko jokaldiekin, eta horrela zaila da puntuak sartzea ahal fisiko handiko taldeen aurka...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.