Lau egun eta bi partida nahikoa dira zuritik beltzera pasatzeko. Historiako txapelketa hasiera onenaren atarian egotetik haserrera pauso bat baino ez dago. Athletic da horren adibide garbiena. Joan den igandean Vila-real mendean hartzeko gai izan zen. Zaleek gustura utzi zuten Katedrala. Ligako talderik onenetakoa mendean hartzea eta hirugarren garaipena jarraian eskuratzea nahikoa da etxera pozik bueltatzeko. Baina, batez ere, talde itxura eman zuelako eta ondo eta modu eraginkorrean jokatu zuelako zeuden gustura jarraitzaileak. Athleticek aspaldiko partidarik osoena jokatu zuen. Aurrera begira baikor izateko eta denboraldi lasaia eta gozatzeko modukoa egiteko arrazoiak egon zitezkeela erakutsi zuen taldeak.
Baina lau egun nahikoa izan dira zuritik beltzera pasatzeko. Athleticek laugarren partida errenkadan irabazi gura zuen Tenerifen. Baina Caparrosen erabakiak eta taldearen jokoa ikusi ostean, baliteke batek baino gehiagok pentsatzea entrenatzaileak ez zuela Athleticen historiako liga hasiera onena ondu gura. Arrazoia hori ez bada, gutxietsi egin zuen Tenerife. Bestela, ezin daiteke ulertu zelairatu zuen hamaikakoa. Beharrezkoa da txandatzeak egitea eta jokalariei atseden ematea. Jakina da, gainera, Athleticeko jokalari gehienek antzeko maila dutela. Baina horrek ez du esan gura zuri-gorrien edozein hamaikako lehiakorra izan daitekeenik. Fitxak erabiltzen jakin behar da. Talde orekatua zelairatzea ezinbestekoa da Lehen Mailan lehiakorra izateko. Bada, ikusitakoa ikusi ondoren, Teneriferen kontrakoa denboraldi-aurrean egin ezin izan zituen probak egiteko izan zela esan daiteke. Emaitza jakina da.
Txarto egindakoetatik ikasi egiten omen da. Beraz, pentsatzekoa da Caparrosek ere ikasiko zuela, bera baita Tenerifeko porrotaren erantzule nagusia. Eta, ikasi duenez, Sevillaren kontrako partidak ez du aurrekoarekin zerikusirik izango. Bere «bihotzeko» taldearen aurrean alde batera utziko ditu «sentimenduak», eta nola-hala hiru puntuak eskuratzen ahaleginduko da. Horretarako, hasieratik zelairatuko ditu taldearen bizkarrezurra osatzen duten jokalari guztiak; Gurpegirekin, Javi Martinezekin, Toquerorekin eta Llorenterekin Sevillaren intentsitateari, erritmoari eta kalitateari aurre egiten ahaleginduko da. Aipatutako jokalariekin eta zaleekin nabarmen egingo du hobera zuri-gorrien jokoak. Horrek ez du esan gura, ordea, nahikoa izango denik Sevilla mendean hartzeko, Manolo Jimenezen taldea bikaina baita.
Zalantza barik, talde bikaina da Sevilla. Horregatik, dakien modurik onenean jokatu beharko du Athleticek hiru puntuak eskuratzeko. «Bete-betean jokatu beharko dugu». Ez dauka arrazoi faltarik Caparrosek. Eta baliteke ondo jokatuta ere ez irabaztea, Athletici ezin baitzaio Sevilla mendean hartzeko eskatu. Lehiakorra izateko eta talde itxura emateko baino ezin zaio eskatu, gaur egun talde zuri-gorria baino sendoagoa baita Sevilla. Talde espainiarraren jokoa eta gaitasuna duten taldeei irabazteko eskatzen zaion egunean Txapeldunen Ligarako txartela eskuratzeko borrokan egongo da Athletic.
Kopako partida, ahaztuta
Dena dela, horrek ez du esan gura gaur galdu egingo duenik. Hala ere, inork ez dezala espero Espainiako Kopako finalaurreko joko eta gol festarik. Orduan gertatutakoa ez zen ohikoa izan: konfiantzaz gainezka zegoen Athletic, eta pozez mozkortuta zeuden zaleak; biek bat egin zuten eta txikitu egin zuten Sevilla, zeina gorabeherekin zebilen. Nekez irabaziko dio berriz horren erraz Athleticek Sevillari. Horregatik, galdera hau egiten dio jarraitzaile askok bere buruari: ez litzateke egokiagoa izango Tenerifen onenak zelairatu eta ustez errazagoa zen garaipena lortzea, jokalari asko Sevillari aurre egiteko gordetzea baino? Onerako zein txarrerako, entrenatzaileak dira erabakiak hartzeko arduradunak.
Zuria ala beltza?
Athleticek aurpegirik onena eta txarrena erakutsi ditu ligako azken bi neurketetan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu