Aberatsa behartsuaren aurka, sailkapenaren burukoak azkenekoen aurka, Goliath Daviden aurka edo zuria beltzaren aurka. Era askotara esan daiteke, baina teorian une honetan Espainiako Ligan joka daitekeen lehiarik desorekatuena ikus daiteke gaur Nafarroako Erresuman, eta hori da benetako titulua. Sailkapeneko liderra, Bartzelona ahalguztiduna, izango da gaur bisitan Iruñean, orain arte Ligan lanak gaizkien egin dituenaren zelaian puntuak lapurtzen ahalegintzeko. Zalantzarik gabe, kiniela gehienetan 2a izango da nagusi. Etxean jokatzen duela baliatu, eta jardunaldiko ustekabea eman nahi du Osasunak, dena dela.
Liga hasi zenetik jokatu dituen 17 partidetatik 14 irabazi ditu Bartzelonak, bitan berdinketarekin konformatu behar izan du, eta behin bakarrik galdu du -lehen jardunaldian, Numantziaren zelaian (1-0)-. Osasunak bi partida soilik irabazi ditu, zazpi berdindu eta zortzi galdu ditu. Datuei begiratuz gero, egundoko aldea dago. Osasuna nahi eta ezin ari da, eta Bartzelonak, aldiz, ikusgarri jokatu du, partida gehienak irabazteaz gain. Aldeko golak aztertuz gero, aldeak beldurra eragiten du: Bartzelonak 51 gol sartu ditu 17 norgehiagokatan (partidako hiru goleko batez bestekoa), eta Osasunak, 17 (gol bat partidako). Eta estatistika gehienetan alde ikaragarria ateratzen dio Bartzelonak Osasunari. Harrigarria badirudi ere, erasoko jokaldi kopuruan Osasuna da nagusi, 208 ahaleginekin; Bartzelonak 196 egin ditu. Baina, agian, horixe da kezkagarriena, 196 jokalditan 51 gol sartu dituela Bartzelonak, eta 208 aldiz ahalegindu arren 17 besterik ez dituela sartu Iruñeko taldeak. Ondorioa argia da: partida irabazi nahi badu, eraginkorragoa izan beharko du Osasunak, eta Bartzelonak orain arteko jardunaldietan izan duen eraginkortasunik ez izatea ere ezinbestekoa izango da nafarrentzat.
Partida perfektua jokatu beharko dute gorritxoek, eta, hala eta guztiz ere, garaipena ez dago ziurtatuta. «Aurkariaren akatsak baliatzeko orduan ezin eraginkorragoak dira talde batzuk, eta Bartzelonada horietako bat. Egiten ari garen ahaleginerako aurkariekin eskuzabalegiak izan gara orain arte, eta hori zuzendu beharra dugu», esan zuen atzo Jose Antonio Camachok Taxoaren azken lan saioa amaitu ostean. Hutsak larrutik ordaintzen dira Bartzelonaren aurka, eta hutsik ez egitea izango da garaipena lortzeko gorritxoek eman beharreko lehenbiziko pausoa. Oparien beharrik ez du Bartzelonak irabazteko.
Argi dago erronka benetan zaila duela Camachoren taldeak. Baina, hala ere, etxean jokatuko du, eta estu hartu nahi du Bartzelona. Nekunam, esaterako, oso baikor azaldu zen herenegun:«Seguru egon daitezela Bartzelonan punturik ez dutela aterako Nafarroako Erresumatik. Orain arteko partidetan aurkaria ez da inoiz gu baino hobeto aritu. Gure zelaian ariko gara, eta inork ez gaitu erraz menderatuko hemen. Zaleek egundoko erakustaldia eman zuten Athleticen aurkako Kopako partidan, beste behin, eta babes hori nolabait eskertzeko Bartzelonaren aurka bikain jokatuko dugula agindu dezaket». Ea partidaren amaieran hain baikor hitz egiten jarraitzeko arrazoirik geratzen zaion Osasunako jokalari irandarrari.
«Izar langileak»
Elurra partida jokatzeko oztopoa izango ez bada ere -atzo goizean zurituta zegoen Nafarroako Erresumako zelaia-, zelaiaren zenbait txoko izotzaren ondorioz kaltetuta izango dira, eta hori ez da albiste ona Bartzelonarentzat. Baloia asko erabili ohi du Guardiolaren taldeak, eta motzean eta oinera jokatzea gustatu ohi zaie Messi, Xavi, Iniesta, Alves eta enparauei. Dena kontra izango dute gaur Nafarroako Erresuman. Baina Osasunako zaleek ez dezatela pentsa dena eginda dagoenik. Camachok argi utzi zuen atzo: «Orain arte beste talde guztiei gailendu zaie Bartzelona, nagusi izan da, eta, munduko izarrez jositako taldea izan arren, beharginen moduan egiten dute lan Bartzelonako jokalariek, eta badakite hemen lan egitea egokituko zaiela», adierazi zuen entrenatzaile espainiarrak. Kalitatea izanagatik borrokarako grina ere ez zaie falta, ez, Bartzelonako jokalariei.
Zuria eta beltza
Osasuna, Ligako azken sailkatua, eta Bartzelona, liderra, elkarren aurka ariko dira gaur Nafarroako Erresuman
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu