Zuritik gutxi duen mendate beltza

Realak benetako erronka du Real Madrilen aurka, gaurko kontrarioak azken bost partidak irabazi baititu 21 gol sartutaZurutuza ez da sartu deialdian, eta Bergara eta Gonzalez hasieratik aritu daitezke

Donostia
2011ko urriaren 29a
00:00
Entzun
Gai izango ote dira txuri-urdinak Mourinhoren jokalarien haize gogorra baretzeko? Estu hartzeko kapaz ote dira lehenago hainbat eta hainbatetan egin moduan? Ordu erdian txikituko ote du Real Madrilek Anoetako taldea? Ronaldo, Kaka, Higuain, Benzema edota Ozilen sinfonia alaia isiltzeko lan tresnak ba al dituzte Donostian? Galdera horien guztien erantzunak aurreko hamarkadako lelo ospetsuenaren bidera eramaten ahalegindu dira gipuzkoarrak: Yes, we can (bai, lor dezakegu) itsaskorra berreskuratzera. Zergatik ez irabazi? Ez da ezinezkoa. Zenbatetan entzun ote den halakorik azken bi egunetan Zubietako aldagela barruan. Ez dago besterik. Sinestea baita aldez aurretik gogogabetuta ez irteteko ezinbesteko pausoa. Aspaldiko alderik handiena dagoelako egunbi taldeen artean.

Ikus, bestela, Real Madrilek Anoetan aurkeztuko dituen datu harrigarriak: 31 gol sartu ditu bederatzi partidatan. Batez beste, hiru gol baino gehiago partidako. Zenbakiok azken boladan zorroztuak izan dira, gainera. Levante eta Racingen kontra jarraian irrist egin eta gero amorrazioz zutitu baitira. Rayori sei sartu zizkion. Espanyol, Betis eta Malagari launa. Joan den asteazkenean, berriz, ordu erdi eskaseko erauntsian, hiru Vila-Reali. Golak bata bestearen atzetik sartu eta aurkariak xehatzeko makina baten aurrean gaude gaur-gaurkoz. Koska bat igotzea lortu dute eta.

Atze-aurreak behar bezala batu ditu Mourinhok, eta, hala, neurketak hobekiago menderatzen ditu taldeak. Aurrerago berreskuratzen du baloia, eta abiada bizian iristen da beste atezainaren ingurura. Hainbat modutan, gainera. Hiru ukitu eskasekin kontraeraso bizkorrean, edo jokoa gehiago landuz. Berdin dio. Batera edo bestera, mailua ateratzen dute. Kaka ez denean—kostata bada ere Milaneko elastikoa zuritzea lortu du brasildarrak—, Ronaldo da. Bestela, Di Maria, Benzema edo Higuain.Zerrenda amaigabea. Eraginkortasunez jotzeko. Min egiteko. Xabi Alonsoren begiradapean, jakina. Tolosarrak ematen dio zentzua horri guztiari zelaiaren erdialdetik. Makina gelako nagusia da.

Hori dela eta, Realak ezin du lotuta atera, zerbaiten konplexua balu moduan. Txuri-urdinen jarreraren araberakoa izango da hein handi batean azken emaitza. Egindako akatsetatik ikasi eta inoiz baino sendoago aritzeko eguna da. Real Madrilekin hitanoz hitz egiten hasi behar du lehen segundotik, lotsagabe, zirikatzaile, ausart. Bolada ezkorreanegon arren, halako talde handi baten kontra jokatze hutsa berez baita zirraragarria. Edozein jokalariren nahia. Hala, bada, partidari neurria hartzen badio, emaitza lagun, hazi egin liteke. Hori lortu behar du Montanierrek. Gogortasunetik gogo bizia piztea.

Aldaketak hamaikakoan

Xehetasun guztiak zaintzen ahalegintzen da frantziarra, eta garrantzi handia ematen dio multzo osoa partaide sentitzeari. Horregatik,beharbada, ez dira ulertu hark harturiko hainbat neurri. Kontrako emaitzek ere ez diote mesederik egin. Esaterako, Ifran eta Sarpong jarri eta kentzea edota Cadamurok nahiz Estradak Prieto ordezkatzea azken bi partidatan. Ez du inork lo hartzerik nahi. Hala, aldaketak izango dira hamargarren astez jarraian. Atzetik hasita, Mikel Gonzalezek Demidov ordezka dezake. Zentzuzkoena dirudi ozta-ozta sartu baita deialdian noruegiarra. Saihetsetako minez dabil.

Erdiko lerroan Markel hasieratik ariko da Zurutuzaren ordez. Atseden eman dio entrenatzaileak hendaiarrari eta Ruben Pardo gaztea sartu bere ordez zerrendan. Txandakatzeen errota. Eta goiko hiruko lerroan Xabi Prietoren itzulera ziurtzat jo daiteke. Velak hamaikakoan jarraituko du Valentzian lan ona egin eta gero, lerro artean min egiteko gaitasuna dauka, eta zalantza nagusia da Agirretxe sartuko ote duen Griezmannen tokian. Madrildarrei dagokienez, hogei laguneko zerrenda osatu du Mourinhok. Tartean bi berritasun. Bata Lass Diarra, erabat osatu da. Bestea, Tomas Mejias, harrobiko atezain gaztea. Azken orduan bi jokalari baztertuko ditu portugaldarrak.

11:00etan zabalduko dira txarteldegiak bi bat mila sarrerarekin. Lehenik, 13:00 arte. Ondoren, 20:00etatik aurrera. Ez da ahaztu behar klubari laguntzeko eguna dela, bazkideek gehigarria ordaindu behar izan dute eta 1.500 inguruk atzera egin du. Halere, ohikoa den moduan, zaleen erantzuna ona izatea espero da. Neurketa berezia denez, bi karpa erraldoi jarriko dituzte Anoetako kanpoko aldean. 19:00etatik aurrera zabalduko dituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.