Enpresen Ligako buruek aspirinak erostera joan behar izan zuten atzo Beotibarretik irten berritan. Buruhauste, zalaparta eta zalantza gehiegi ziren erabakiak hartzeko. Bi gauza baino ez zeuden argi, Aimar Olaizolak lasai egin zuela arnas, eta Juantxo Kokak lur jota bukatu zuela partida. Hortik aurrerako ia guztia kolokan dago, Olaizolak aise irabazi arren minez jokatu baitzuen, hankapausoan sakatu eta eskuin besoa luzatu gabe. Pilotakada bakoitzean mina sumatu zuela aitortu zuen, eta ez zuen argitu finalerdiak jokatuko dituen ala ez. Xedea zerrenda-buru postuari eustea zen, eta atzo zegoen bezala jokatuta, ezer gutxi egin ahal izango du Titin, Irujo edo Barriolaren aurka.
Aimar Olaizola lasai zegoen atzoko partida bukatu berrita, epel zurrunbiloaren begian. Bere zalantzek ligaxka guztia kolokan jartzen dute, baina hala eta guztiz ere enpresek erabaki dute non jokatuko diren aurreneko jardunaldiko partidak.
Irujok eta Barriolak larunbatean jokatuko dute, Donostian, Asegarcek ezin baitu jaialdia Labriten antolatu. Titinek eta Olaizolak, jokatuko balu, berriz, igandean, Eibarren. Zalantza ez da nolanahikoa, irabazi arren goizuetarra ezkor agertu baitzen atzo: «Asko arriskatu dut minez jokatzen, nire helburua postuari eustea zen, eta lortu dut. Hurrengo egunetan erabakiko dut jokatuko dudan ala ez». Haren partez, Berasaluze VIII.a sartuko litzateke ligaxkan; Berasaluzek egin baititu tanto gehien final-laurdenetako galtzaileen artean.
Goizuetakoak ziur zioen zerrendaburu postuari eutsi ziola hurrengo txapelketarako, baina araudiak ez du zehatzen eskubide hori izateko jokatu behar duen ala ez, ezta sailkatzearekin aski den ere. Beste aukera bat, igandean berriz ere min hartuta jokatzea edo partidari muzin egitea litzateke, eta, gero, ligaxkako azken bi partidetan egoera konpontzen saiatzea.
Zurrunbiloaren aurreko partida oso tristea izan zen. Beotibar alferrik bete zen goraino. Olaizolak hanka pausoan sakatu zuen, abiadarik eman gabe, eta txokotik txokora, erremontista finen antzera; eta, hala ere, bederatzi tanto egin zituen lehen pilotakadarekin. Gehienak, ordea, Kokaren erresto txarrengatik lortu zituen, asko eskuinez.
Irabazleak sorbalda kristalezkoa balu bezala jokatu zuen, eta horren ondorio bi falta egin zituen saketik. Kokak, artean, kontrarioaren eskuina bilatu zuen lotsagabe, lesioarengatik askatu ezingo zuelakoan. Olaizolak ez zuen bortitz jo eskuinez, baina ezta behar ere, Kokaren opariek bidea erraztu ziotelako.
Altzakoak irudi oso txarra eman zuen; ideiarik gabe eta lotuta jokatu zuen. Olaizolaren bolea bilatu zuenean sotamanoa etorri zitzaion bueltan, eta hor jo zuen hondoa. Erabat abailduta zegoen bukaeran, ez zen gutxiagorako.
Koka 5
Olaizola II.a 22
Iraupena. 37.46 minutu.
Pilotakadak. 202.
Saketik. Kokakbat ere ez; Olaizolak9 eta bi falta saketik.
Markagailua. 0-4, 1-4, 1-6, 2-6, 2-12, 3-13, 4-13, 4-19, 5-19 eta 5-22.
Bestelakoak. Sarrera bikaina Tolosako Beotibarren. Apustuak 100-40i rten ziren Kokaren alde.
Zurrunbiloaren erdian zain
Olaizola II.ak Kokari irabazi dio partida oso kaskar batean, eta ez du argitu ligaxkan parte hartuko duen edo ez
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu