Sasoi berrian «aurrerapauso bat» eman nahi du David Zurutuzak. Erdilariak atzo adierazi zuen Realak «maila ona» duela, fitxaketekin «asmatu» duelako. Taldeak jada «urte batzuk» daramatza Lehen Mailan, eta ligan «pisu handiagoa» hartzen saiatu behar duela uste du, «harrotasun pixka batekin». Halere, esan du ligan «talde indartsu asko» daudela eta «kontuan hartu» beharko dituztela.
Bestalde, partidak jokatzeko gogoa erakutsi zuen Zurutuzak, «hainbeste» entrenatu ondoren. Izan ere, arazo fisikoen erruz «oso gutxi» jokatu du aurreko hiru lagunartekoetan: «Jokalariak geurekoiak gara, eta ahalik eta gehien jokatu nahi dugu».Erdilariak azaldu zuen «lan saioak gogortzen» doazela baina «hankak ohitu» direla. Gainera, lagunarteko partida gogorrak jokatzen ari direla azpimarratu zuen Rocheforteko jokalariak: «Maila handiko taldeekin ari gara jokatzen».
Bordeleko Girondinsen aurka lagunartekoa jokatuko du Realak, gaur. Arratsaldeko zazpietan ariko dira, Irunen, Gipuzkoako Elikagai Bankurako dirua biltzeko. Philippe Montanierrek hiru jokalari utzi ditu deialditik kanpo: Claudio Bravo eta Carlos Martinez, min hartuta daudelako, eta Carlos Vela, taldera egokitzeko ari baita lanean. Laugarren lagunartekoa izango du Realak. Orain arte, bi irabazi ditu, eta bat berdindu.
Zurutuza: «Aurrerapauso bat eman behar dugu, ligan pisua hartu»
Realak «gero eta maila hobea» duela uste du erdilari txuri-urdinak; Bordeleko Girondinsen aurka ariko dira gaur
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu