Zutabeak eraitsi nahian

Osasunak Getafe hartuko du; Eibarrek, berriz, Vila-real izango du aurkari. Bi taldeek irabazi nahi dute, sailkapenean goialdean kokatzeko

Osasunako Marc Cardona, eskuinean, Cadizeko Pacha Espinorekin lehian. ROMAN RIOS / EFE.
Jon Ander De la Hoz.
2020ko irailaren 19a
00:00
Entzun
Izena baino izana garrantzitsuagoa dela berretsi nahi dute gaur Osasunak eta Eibarrek. Bi euskal taldeek Getafe eta Vila-realen aurka jokatuko dute, hurrenez hurren; aurreko sasoian beren gainetik aritutako taldeak dira. Dena den, zelaiak jartzen du bakoitza dagokion lekuan, eta lehen egindakoei so egotea alferrikakoa da zelaian erakusten ez bada.

Gorritxoek liga hasiera onari eutsi nahi diote, bigarren garaipena eskuratu eta sailkapenaren goiko muturrean kokatzeko. Lehen jardunaldian aise nagusitu zen Cadizen zelaian (0-2), eta jokatzeko modu hori baliatu nahi du Getafe menderatzeko. Talde lehiakorra da Espainiakoa, deus oparitzen ez duten horietakoa; haien horman zirrikitu bat egin, eta hura eraitsi nahi du Osasunak.

Iragan denboraldian Europako postuen lehian aritu zen Getafe, eta oraingoan ere xede horrekin ekin dio ligari Jose Bordalasen taldeak. Hain justu, kontinente mailako txapelketan aritu da udan, eta horrek atzeratu egin die Espainiako Ligan debuta egiteko aldia. Urdinek Osasuna izango dute lehendabiziko aurkaria, txapelketari neurria hartu nahian.

Getaferen aurkako neurketari buruz mintzatu zen atzo Jagoba Arrasate, Taxoareko prentsa aretoan: «Irabazi genuen arren, Cadizen aurka baino partida hobeagoa egin beharko dugu, Getafen irabazteko aukera izan nahi badugu. Aurkariaren zelaian denbora gehiago egin beharko dugu, eta defentsan sendoagoak izan».

Berriatuko (Bizkaia) prestatzaileak zenbait jokalari berreskuratu ditu aste honetan. Ruben Garciaren kasua da; lehen jardunaldian golegile izan zen, baina min hartu zuen partidan. Azkenerako, deialdian sartzeko moduan da. Calleri ere bertan da. Enric Gallegok eta Asier Cordobak ere joka dezakete lehen aldiz. Dena den, nabarmendu zuen ez duela aldaketa asko egiteko asmorik hasierako hamaikakoan. Ligan Sadarretik urrun jokatutako azken bost partidetan lau garaipen lortu dituzte nafarrek, eta horri eutsi nahi diote.

Ondo hornitutako aurkaria

Getafek joan zen sasoian Europarekin izandako lotura berreskuratu nahi badu, xede hori are agerikoagoa da Vila-realen kasuan. Herrialde Katalanetako taldea jokalari sorta handia batu du bere taldera, Coquelin, Kubo, Parejo...— eta urrats bat aurrera egin nahi du denboraldi honetan. Eibarrek ez du kontrario makala izango aurrean, baina Jose Luis Mendilibarrek on egin nahi du lehen jardunaldian eskuratutako puntua, horien aurka hiru eskuratuta.

Bulegoan mugimendu astea izan du asteon EIbarrek -Kevin Rodrigues eta Yosinhori Muto ekarri ditu, utzita, eta biak deialdian dira gaur—, baina bien bitartean taldeak lanean segitu du Atxabalpen, eta landutakoa baliatu nahi dute Zeramikaren estadioan. Jose Luis Mendilibar entrenatzaileak uste du bere taldea lan ona egiteko gai izan daitekeela: «Horretarako funtsezkoa izango da lehen minutuetan golik ez jasotzea, haiek urduri jar daitezkeelako partida aurrera joan ahala. Bestalde, baloiarekin gauzak argiago izan behar ditugu».

Eibar kamuts aritu zen erasoan joan zen larunbatean Celtaren aurka jokatutako partidan (0-0), eta arlo hori hobetzea ezinbestekoa du Vila-real mendean hartzeko. Erasora egiten duen taldea da Castellokoa, eta atzealdean utz ditzakeen hutsuneak baliatzea izango du emaitza positiboa eskuratzeko gakoa. Bere taldeak aukera oro baliatu behar duela uste du.

Kevin Rodriguesek estreinaldia egin dezake. Aldiz, Pervis Estupiñan Osasunako jokalari ohiak lehen aldiz jantz dezake Vila-realen elastikoa. Ezker hegalekoak aste honetan sinatu du zazpi urterako, eta Unai Emeryren esanetara da jada. Hondarribiarrak bi jokalari nagusi faltako ditu gaur: Ruben Peña eta Alberto Moreno.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.