Zuzen doa, baina ezin da desbideratu

Baskoniak Belgraden jokatuko du gaur Euroligako jardunaldi bikoitzaren asteko lehen partida. Hobekuntza nabarmena izan du Ivanovicen taldeak, eta gertu dauka kanporaketen aurreko lehietarako sailkapena.

Baskoniako jokalariak, Euroligako neurketa batean. Jaizki Fontaneda/FOKU
Baskoniako jokalariak, Euroligako neurketa batean. Jaizki Fontaneda/FOKU
Beñat Mujika Telleria.
2024ko martxoaren 19a
05:05
Entzun

Iritsi da babak heltzetik ateratzeko unea. Euroligan aste erabakigarria izan daitekeena daukate aurrean hainbat taldek. Horietako bat da Baskonia. Belgraden arituko da gaur Partizanen aurka (20:30, Movistar), eta ostegunean, Lituanian. Zalgirisi egingo dio bisita. Euroliga amaitzeko bost neurketa gelditzen diren honetan, kanporaketen aurreko lehietarako sailkatzea bideratuta daukate gasteiztarrek. Hori ixten ahaleginduko dira asteon, eta sailkapenean ahalik eta postu onenean egoten.

Hobekuntza, atzetik hasita

Defentsako lanean erakutsi du Baskoniak aldaketarik handiena. Euroligan, Europan jokalari onenak dauden ligan, ez da erraza izaten aurkariaren puntuak murriztea. Faktore asko daude alor horretan. Adibidez, scouting-ak geroz eta garrantzia gehiago hartu du, eta talde bakoitzak ondo ezagutzen ditu aurkariaren jokalari zein jokaldiak. Baina defentsan nahia gailendu izan da beti. Baloi bakoitza bereganatzeko grina, oldarkortasuna, elkarri laguntza emateko prestutasuna… Hori ekarri dio Dusko Ivanovicek taldeari, eta jokalariek erantzun egin dute.

Azken neurketetan nabarmena izan da aldaketa hori. Azken bost neurketetatik lau irabazi dituzte gasteiztarrek, laurak Buesa Arenan. Turkian galdutako partidan 111 puntu jaso zituen taldeak, baina beste lauretan 76,5 puntu sartu dizkiote batez beste. Gainerako beste partidetan 84 puntu jaso ditu batez beste; 7,5 puntu gehiago. Erreboteko datuetan ere argi ikusi daiteke taldearen lana. Errebote gehien hartzen duen taldeetan bosgarrena da Baskonia (35,2 partidako). Eta Tadas Sedekerskis eta Chima Moneke bigarrenak dira ligan errebote gehien hartzen duten jokalarien artean (6,9 partidako).

Puntuen aldean egon daiteke gakoa

Berdindua ari da izaten aurtengo Euroliga. Edonon dago lehia sailkapenean. Lehen lauretan sailkatzeko, kanporaketen aurreko lehietara sailkatzeko, eta, azken horren barruan, zazpigarren eta zortzigarren postuak eskuratzeko. Baskoniak, adibidez, bideratuta dauka kanporaketen aurreko lehietarako sailkapena. Partida bakar bat irabazita nahikoa izan daiteke sailkatzeko. Albiste ona litzateke Baskoniarentzat, hori baitzen helburuetako bat; azken unera arte aukerekin iristea. Baina sailkapena hobea izan daiteke zazpigarren edo zortzigarren eginez gero. Zazpigarrenak zortzigarrenaren aura jokatuko du, eta bederatzigarrenak hamargarrenaren aurka. Lehen partidako irabazlea kanporaketetarako sailkatuko da, zazpigarren postuan. Bigarren lehiako garailea beste kanporaketako galtzailearen aurka arituko da, eta partida hori irabazten duena zortzigarren sailkatuko da kanporaketetarako. Hortaz, liga erregularrean zazpigarren edo zortzigarren sailkatzeak bi abantaila ditu: bi aukera izan ditzake sailkapena lortzeko, eta bigarren aukeran etxean jokatuko du.

Horretarako, berdintasuna ikusita, garrantzi handia izango du puntuen aldeak. Atzetik dituenen artean galduta dauka Valentziarekin eta Bayernekin, eta irabazita Maccabirekin. Partizanekin eta Zalgirisekin neurketa garrantzitsuak jokatuko ditu aste honetan, eta puntuen aldea garrantzi handikoa izango da neurketa hauetan ere. Joanekoan puntu bakarraren aldearekin irabazi zion Gasteizko taldeak Partizani. Bestalde, zaila dirudien arren, oraindik aukerak ditu Baskoniak seigarren postura iristeko. Bi garaipenera ditu hiru talde, baina Olympiacosi bakarrik irabazi dio puntuen aldea.

Ligako egoera, kalterako

Garai honetara sailkapenean ondo kokatuta iritsi da Baskonia, Euroligan. Kanporaketetako lehian sartzeko horrenbeste aukerarekin helduta, Euroligan zentratzea gustatuko litzaioke Baskoniari, baina ezin du, ordea. Arabarrek ez daukate ligan huts egiteko tarterik, eta garaipenak kateatu behar ditu bata bestearen atzetik ACB ligako kanporaketetara heldu nahi badu. Zortzigarrena da ligako sailkapenean, Manresarekin eta Joventutekin berdinduta, eta garaipen batera dauka Tenerife. Hala ere, Teneriferekin eta Joventutekin galduta dauka puntuen aldea, eta haiek baino partida bat gehiago irabazi beharko du aurreratu nahi baditu.

Aste hau garrantzi handikoa izango da. Granadaren aurkako neurketa kontuan hartuta, lau partida jokatuko ditu Baskoniak bederatzi egun eskasean. Partida hauetan argitu daiteke zein izango den Baskoniak Euroligan egin beharreko ibilbidea. Gaur Belgraden irabazita ia ziurra izango da sailkapena, eta arreta ligan jartzeko aukera izango lukete. Dena den, lehia estuan segituko du Euroligan ere, aurrez aipatutako liga erregularreko zazpigarren edo zortzigarren postuak lortzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.