Miarritzek bere eginbeharra bete zuen atzo arratsaldean Bathen aurkako partidan, eta Heineken kopako final-laurdenetarako sailkatu zen. Erasoko puntu gehigarriarekin irabazi behar zuen Aguilerako taldeak, multzoko lehen postua segurtatzeko, eta bere misioa ederki bete zuen. Orotara lau entsegu sartu zituen, eta, ondorioz, bost puntuko garaipena erdietsi zuen zaleen aurrean.
Multzoko beste partidan, Ulsterrek ere eraso puntua lortuz irabazi zion Aironiri, eta, ondorioz, Miarritzerekin berdinduta bukatu du lehen fasea. Alabaina, Miarritzek irlandarren aurka jokatutako bi partidetan entsegu gehiago sartu dituenez laugarren multzoko lehen postuan bukatu du hasierako ligaxka.
Horiek hala, apirilaren 8ko asteburuan final-laurdenetan egoteko segurtamena du Miarritzek. Orain, ikusteko dago final-laurden hori Anoetan edo etxetik kanpo jokatuko duen. Gaur arratsaldeko emaitzen arabera erabakiko da zein lau taldek irabaziko duten hurrengo kanporaketa etxean jokatzeko eskubidea.
Partida fite erabaki da
Miarritzek lehen zatian jarri zituen garaipenaren oinarriak. Oso ongi sartu ziren partidan xuri-gorriak, sailkapena lortzeko lau entsegu behar zituztela jakitun. Bathek, berriz, gaizki kudeatu zuen zango jokoa, eta Miarritzek ongibaliatu zuen hori partidaren agintea hartzeko.
Miarriztarren lehen entsegua Yachviliren esker etorri zen. Uztartze erdiak Butch Jamesen ostikada berreskuratu zuen, eta entsegua sartu hamargarren minutuan. Entsegu horri esker, ederki sartu zen partidan etxeko taldea, eta bere aitzinekoekin borroka inposatu zion Ingalaterrako hamabostekoari. Uztartzeetan nagusi izan Miarritze, eta horrek partidaren kontrola eman zion.
Aipatu behar da lehen zatian Ian Balshaw ingelesak egin zuen lana. Taldekide ohien aurka itxura ezin hobea eman zuen. Miarritzeren hurrengo bi entseguak berari esker etorri ziren. 19. minutuan, hegaleko ingelesak jokaldi txalogarria egin zuen. Haylett-Pettyri eman zion baloia zelai erdian, eta australiarrak entsegua sartu zuen. 14-0eko emaitzarekin iritsi zen atsedenaldia. Lan erdiak eginak zeuden.
Bigarren zatia hasi orduko, Iain Balshawren eskutik etorri zen Miarritzeren hirugarren entsegua: 21-0, eta partida erabakita zegoen. Bathek erreakzio zantzuak erakutsi zituen, Hooperen entsegu batekin, baina Miarritzek ez zuen iparra galdu. Takudzwa Ngwenyaren laugarren entseguarekin, erasoko puntua ziurtatu zuen, eta garaipena ere bai, 26-5aitzinetik ezarririk.
Hortik aitzina, partida erortzen joan zen pixkanaka. Bathek ez zuen gehiago irabazteko ahalik, eta Miarrize gehiegi lasaitu zen laugarren enstegua sartu eta gero. Minutuak aitzina joana ahala, partidak zorroztasun taktikoa galdu zuen, eta bi taldeak baloi guztiak eskurajokatzen hasi ziren. Horrelakoetan gertatu ohi den bezala, partida erotu egin zen. Norgehiagoka bukatzeko bost minutu falta zirelarik, Bathek emaitza itxuratzea lortu zuen. Azken minutu horietan, bi entsegu sartu zituen, eta bukaerako emaitza atondu zuen.
Zuzenean sailkatuta
Miarritzek erasoko puntu gehigarriarekin irabazi dio Bathi, eta final-laurdenetara igaro da Heineken kopan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu