Ekografiak. Jokin Labaien

2011 eta helburu berriak

2011ko urtarrilaren 4a
00:00
Entzun
Nire helburuen 2011rako zerrenda egiten hasi eta telebistari dagokion zutabean gelditu naiz, blokeatuta zeharo. Ez dakit nola egin. Hiru aukera dauzkat: ikus-entzule papera hartu, zutabe honen egiletzak behar lituzkeen betaurrekoak jantzita egin, edo herritar gisa dauzkadan eskubide eta gogoen aldarriak zerrendatu. Noski, burugogorkeriak ez du laguntzen. Beraz, dena ala ezer ez. Eta nago, hautatu jarrera hautatuta ere, nire asmo onen sorta berdintsua litzatekeela. Telebistaren aurrean kokatu eta hiruak baitauzkat nire baitan, ikus-entzulea, kritikoa eta herritarra.

2010 amaierak eta 2011 hasierak ez dute hiruetatik bakarra ase. Sofari inoiz baino denbora gehiago eskaini —gora oporrak!— eta Ekografia honetarako gairik ezin aurkitu. Esan balidate 2009 amaitzear geundela, baita sinetsi ere. Bizpahiru gai dira berrikuntza. Batez ere, hainbat lekutan erretzea debekatzen —sentitzen dut, erretzailea naiz—; zuk nahi baduzu, deituiozu arautzen- duen legedia berria. Hautsak ez dakit non harrotu dituen benetan, tabernan ala albistegietan. Azken horretan, denetariko iritziak entzun ahal izan ditugu, aditu zein ez, erretzaile zein ez, tabernari zein ez.

Hortik aurrera, asperdura. Urtea amaitzeko, ohi bezala, denetariko urtearen gainbegiratuak. Beste behin, kirola nagusi. Beste behin, urterik urte goranzko joera omen, kirol denboraldia espainiarrena izan dela aldarrikatu du telebistak lau haizetara. Batez ere, futbolean. Gora Hegoafrika, Herbehereak, Iniesta, Paul olagarroa eta partida zuzenean eskaini zuten esatarien eroaldia. Eta gero, urte berriari ongietorria. Gehienbat, New York, Paris, Londres eta Sidneyko suak, argiak, muxuak, konfetia eta xanpaina. Nahita ere, ezingo litzaieke publizitate hobea egin. Zuetako zenbatek ez duzue urte amaiera Times Square enparantzan irudikatu? Baina zenbaitzuk ospitalean iragan zenuten gaua. Ikusi zaituztegu albistegien hastapenetan. Jakin dugu zuena izan dela urteko azkena. Gutxi du horrek albistetik, egia esan. Ados, atsegintasunaren izenean barka daiteke. Zailagoa da barkatzen «haur horrek besapean 250 euroko txekea ekarriko du hilero eta horrek ez» esapidea. Eta, gainera, txekedunen gurasoak nahi gabe irrifartsuago. Bai, bai, igarri diot. Hori ez da egungo albistea, aspaldi iragarritakoa baizik. Baina eman egin dute, nola ez, eta albistea sortu, hutsetik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.