Komunikazioa

2011n isildutako albisteen urtekaria argitaratu du Ramon Barnils taldeak

Juan Carlos I.aren arreba Pilar 4,5 milioi euroko ondarea duen elkarte bateko presidentea da

urtzi urkizu
Donostia
2012ko maiatzaren 10a
00:00
Entzun
Espainiako monarkiaren trapu zikinak ez dira gutxi. Juan Carlos I.aren arreba Pilar Borboikoa, esaterako, Labiernago 2000 elkarteko presidentea da. Inbertsio kolektiboko elkartea da hori, eta 4,5 milioi euroko ondarea du. 2010. urtean elkarte horrek ez zuen zentimo bat ere ordaindu zergetan. 2009. urtean, mila euro baino gutxiago ordaindu zituen, nahiz eta 400.000 eurotik gora irabazi. Ez dakite zenbatekoa den elkartearen kapitala, eta akziodunen artean Pilar Borboikoaren bost seme-alabak daude. Albiste hori, beste asko bezala, isilpean pasatuda komunikabideetan. Kataluniako Ramon Barnils kazetari taldeak, ordea, halakoak isiltasunetik ateratzeko asmoa du, eta horretarako lantzen du urtero Media.cat urtekaria.

Kataluniarekin lotutako gaiak dira nagusi txosten horretan. Hala, nabarmentzekoa da Agbar enpresak Bartzelonako urekin egiten duen kudeaketaren afera. 2010eko urrian atera zen sententzia batek dio enpresak ez lukeela izango kontraturik uraren kudeaketarako. Baina kudeaketa ilegitimoa egin du ordutik Agbarrek.

Kataluniako bankuek armen industriarekin dituzten inbertsioak aztertzen ditu beste lan batek. Caixa Catalunyak, berriz, oinarrizko elikagaien merkatuan egiten duen espekulazioa aztertzen dute urtekarian. Kataluniako zerga iruzurrak urtero 876 euroko kostua du herritar bakoitzarentzat. Iruzur hori korporazio eta aberastasun handien %71k egiten dute.

Balear uharteetan murgilduz, isildutako beste albiste batek hango gobernuaren turismo legedi berria aztertzen du. Bidea ireki diote Europako aurreneko aisialdi gune katolikoari.

Kataluniako Parlamentuak zezenketak debekatu ostean, Balaña familiak jaso dituen kalte-ordainak ez dira hedabideetan agertu orain arte. Isilduak izan dira, halaber, Vallesko gaseoduktoaren aurka egin diren protesta ekologistak. Lobbien praktikak arautzeko legerik eza ere ez da inondik inora ageri agenda mediatikoan.

Auzitegi Konstituzionalak blokeatuak dituen Kataluniako Parlamentuaren 27 legeak eta Valentziako erkidegoan oraindik ere badiren ustelkeria aferak lantzen dituzte, besteak beste, urtekarian.

Ford enpresaren praktika anti-sindikalak, gatazkak konpontzeko gizarte bitartekaritzak duen arrakasta eta urte honen amaieran ezarriko den burkaren debekua dira urtekarian agertzen diren beste gai batzuk.

Katalunian egon daitekeen independentziari buruzko balizko erreferenduma agertu izan da komunikabideetan. Baina urtekariak gaia sakonago lantzea erabaki du, boto-emaileen aldeko eta kontrako arrazoiak jasoz.

Kataluniako hainbat kazetarik landu duten txostena Interneten dago eskuragarri helbide honetan: www.media.cat/anuari/wp-content/uploads/2012/04/anuari_mediacat2012.pdf. Liburu irakurgailuetara deskargatzeko modua ere badago.

Herritarren diru ekarpena

Roger Pala eta Sergi Picazo dira urtekariaren koordinatzaileak. Ramon Barnils kazetari taldea da sustatzailea, baina baditu kolaboratzaileak: Espai Catala de Cultura i Comunicacio, UABeko Nazioarteko Gatazken masterra eta Kataluniako Kazetarien Elkargoa. Halaber, crowfunding-a ere erabili dute, eta 256 herritarren diru ekarpenari esker atera dute aurrera proiektua. Espero zutenaren halako bi jaso dute, dirutan, eta ikerketa lan berriak egiteko aukera emango diete.

Bartzelonan egindako aurkezpenean, espetxean dauden Egin-eko kazetariak gogora ekarri zituzten urtekariaren egileek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.