Martxan da Goiena telebistako hirugarren Kantari karaoke ikuskizuna. Aurreko asteburuan egin zituzten lehenengo grabaketak, Arrasaten, eta gaur eta bihar Oñatin izango dira neska-mutikoak kameren aurrean kantuan. Azaroaren 5ean eta 6an Bergaran egingo dituzte grabaketak, eta azaroaren 12an eta 13an, Aretxabaletan. Emanaldiak, berriz, datorren astelehenean hasiko dituzte. Astegunetan, 19:15ean emango dute musika programa, eta 13:30ean errepikapenak. Larunbat eta igandeetan, aste osoan eman dituzten saioak ikusi ahalko dira.
Aurten, Debagoiena eskualdeko 8-12 urte bitarteko 839 gaztetxok parte hartuko dute Kantari-n. Hiru eta bost lagun bitarteko 198 talde osatu dituzte parte-hartzaileekin. Euskal kantuak abestuko dituzte neska-mutikoek. Oskorriren Furra, furra, Zaramaren Iñaki eta Ken7ren Ilargia kantu ezagunak izango dira ikuskizunean, baina abesti berriagoak ere bai: Lain taldearen Itxaropen hautsien kaxa, Gatiburen Prest, The Uski's taldearen Gauero zu barik, eta abar.
Aurten, gaztetxoek koreografiak bideo batzuen bitartez ikasi behar izan dituzte. Maite Albes eta Amaia Txintxurreta ibili dira dantza horiek zuzentzen, eta haiekin batera Aretxabaletako eta Oñatiko beste hamabi dantzari aritu dira koreografiak egiten. Aipatutako bideo horiek eta argazki ugari www.goiena.net webgunean izango dira ikusgai, Kantari atalean.
Aurreko bi urteetan, gaztetxoen entseguak grabatu egiten zituzten eta ondoren irudi horiek eskaintzen ziren, talde bakoitzak kantatu aurretik. Aurten ez dituzte entseguak grabatu, oholtzaren beste aldean gertatzen dena baizik. Hau da, agertokiaren atzeko aldean gertatzen dena ikusi ahalko dute ikus-entzuleek. Aitor Agiriano kazetaria ariko da taldekideen iritziak jasotzen.
Gainera, talde bakoitzak bere ikuskizunaren aurretik Amaia Txintxurreta aurkezleak egindako pare bat galderari erantzungo dio.
Grabazioen ostean, Goiena telebistak Kantari-ren 38 atal ekoitziko ditu: hamar Arrasaten, Bergaran eta Aretxabaletan eta zortzi Oñatin.
Informazioa Goienaren oinarri
Arrakasta handia du Kantari musika saioak, eta indar handia jartzen du Goienak proiektu horretan. Dena den, informazioa da Goiena telebistaren programazioko oinarri.
Egunero, Berriak saioan, eguneko albisteak biltzen dituzte, 14:45ean. Goiatz Arana kazetariak zuzentzen eta aurkezten du albistegi hori. Bi ordutik behin errepikatzen dute egunean zehar.
Iluntzean, 19:45ean hasita, Goienaren Magazinea aurkezten du Arritxu Barrusok. «Bertan, informazioa da ardatza, baina formatu malguagoa da, eta albistegi batetik kanpo gelditzen diren hainbat eduki lantzen dira», azaldu du Goiena telebistako programazio zuzendari Oihane Agirrek. Ekonomiari eskainitako tartea, osasunarena eta teknologia berriena daude. Halaber, egun bakoitzean agenda zabala egiten dute asteburuak dakarrena iragarriz. Egunero, Pello Zabalak eguraldi iragarpena egiten du Arantzazutik.
Astelehenetan, Harmailatik kirol saioa zuzendu eta aurkezten du Xabier Urtzelaik. Ostegunetan, Gipuzkoa Kultura saioa ematen dute.
Aurrera begira, saio berriak ari dira prestatzen Goiena telebistan. Esate baterako, Europa eta ekonomia ardatz izango dituen programa bat egingo dute denboraldi honetan. Dituzten saioetan ere moldaketak egitekotan dira.
Komunikazioa
839 gaztetxok parte hartuko dute Goiena telebistako 'Kantari' saioan
Amaia Txintxurretak aurkezten duen karaoke ikuskizuna astelehenetik aurrera emango dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu