Teknologia berriei esker, imajinatu ezinezko telebista aparatuak aurkiko ditugu etxean. Sektoreko enpresa handienak euren berrikuntzak aurkezten ari dira egunotan AEBetako Las Vegas hirian, CES azokan. Samsungek, esate baterako, ahots eta keinuei erantzuten dion telebista aparatua aurkeztu du: ES 8000. Kinect-ek erabiltzen duen teknologiarekin, ikuslearen gorputz mugimendua ezagutzeko gai da telebista. Samsungek, halaber, Internetera konektatutako beste telebista batzuk aurkeztu ditu, guztiak Intelen dual core prozesadorearekin. 7,7 hazbeteko tableta bat eta 5,3 hazbeteko smartphone bat ere aurkeztu dituzte.
Oihartzun txikiagoa izan badu ere, deigarria da oso Stream TV Networks enpresak aurkeztu duen telebista. Bi dimentsioko edozein irudi hiru dimentsioko bihurtzen duen teknologia sortu dute: Ultra-D. Telebistetarako bakarrik ez, tableta eta sakelako telefonoetarako ere balioko du. Eta,gainera, hiru dimentsioko irudiak betaurreko gabe ikusi ahal izango dira. Ultra-D teknologia erabiltzen duten lehen aparatuak uda partean jarriko dituzte salgai.
Ubuntu TV, Linux telebistan
Canonical konpainiak Ubuntu TV aurkeztu du Las Vegasen, Linux sistema telebistarako. Erabiltzaileek edukiak bilatu, grabatu eta ikusi ahalko dituzte, nahieran. Ubuntu TVren bitartez, ikusleak telebista programazioa kontsultatu eta edukiak ikusi ahalko ditu. Halaber, aplikazioak jarriko dituzte streaming bidez filmak eta telesailak ikusteko. Beste gailu batzuekin edukiak konpartitzeko aukera ere emango du Ubuntu TVk.
Komunikazioa
Ahots eta keinuei erantzuten dion telebista aurkeztu dute AEBetan
Bi dimentsioko irudiak hirukoak bihurtzen dituzten pantailak ere aurkeztu dituzte Las Vegasen
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu