«Gaur egun erredakzioko kazetarien lanean ez dago baliorik. Ez dago pasiorik erredakzioetan, baina komunikazioan egon daiteke. Eta hor ahots propioa izatea oso garrantzitsua da. Jendeak kriterioa duzula ikusten badu, jarraituko zaitu Twitterren». Luistxo Fernandez Sustatu.com-eko arduradunaren hitzak dira. Interneteko kazetaritzaz mahai inguruan bildu ziren atzo Donostiako Deustuko Unibertsitateko campusean Fernandez bera, Hasier Etxeberria Zuzeu-ren izenean eta Jon Ordoñez Berriketan.info-ko arduraduna. Etxeberriak nabarmendu zuenez, egun erredakzioetan prekarietatea dago, eta kazetariek dauden mahaitik egiten dute lan. Fernandezen ildo beretik honako hau proposatu zien ikasleei: «Ahotsa ezagutzera eraman behar duzue, gero norbaitek kontratata zaitzaten. Epe laburrean ikusten dut zerbaitetan adituak direnak egingo dutela aurrera. Horretan oso ona bazara, enpresa bat iritsiko da, eta ordaindu egingo zaitu. Lumak erakutsi behar dituzue, ikusiak izan zaitezten».
Jon Ordoñezen arabera, egun «kazetariaren desprestigioa dago». Baina, haren ustez, Internetek aukera eman dezake prestigioa emateko. Prentsan gertatzen ari diren aldaketak irudikatzeko adibide zehatz bat eman zuen: «BERRIAko kazetari bat (Kristina Berasain) Egipton izan zen, Mubarak erori eta hurrengo egunetan. Ez zituen bakarrik papererako artikuluak idatzi, baizik eta une oro Kairon gertatzen ari zena Berriketan.info-n kontatu zuen». Ordoñezen arabera, etorkizunean kazetariak «kazetari orkestra» izan beharko dute. Aldi berean bideoak egin, argazkiak atera, Internetera igo eta sare sozialetan zabaldu beharko dituzte. «Baina hori guztia ahaztu gabe funtsezkoena irizpideak direla. Kazetariok gure lekua aurkitu behar dugu, jendeak guregan konfiantza izan dezan».
Interneten ondorioak aztergai
Sustatu.com 2001. urtean sortu zen, eta Fernandezek ez du hedabide baten kategorian ikusten. «Blog bat da, ez besterik». Hala ere, egunero 2.000 lagun inguruk bisitatzen dute. Gazteagoa da Zuzeu ataria, albisteak, iritziak eta eztabaidak ardatz dituena. «Ez da kazetaritza purua». Eta Zuzeuk ere badu jarraitzaile mordoa, astegunetan 1.700. Berria.info-ri dagokionez, egunero 22.000 bisitari ditu. Berriketan.info-rekin, azken lau hilabeteotan, «denon eskura dagoen leiho bat» irekitzea lortu da.
Euskarazko Interneteko edukiak jarraitzen dituzten lagunak badaude, beraz. Internetek aukera asko ematen dituela argi dute hizlariek. Baina kazetaritza enpresetan duen eragin ekonomikoa ez da txantxetakoa. «Internet lanpostuak suntsitzeko makina bat da, eta erredakzio handiak krisian jarri ditu», adierazi zuen Fernandezek. «Baina teknologiaren gurpila da». Ordoñezek ere atzera bueltarik ez dagoela esan zuen: «Internetek agian amaituko du paperezko kazetaritza. Baina asmatu beharko dugu nola bizi kazetaritzatik. Komunikatzeko pasioa izan behar dugu».
Parte hartzeko deia
Berriketan.info-k «informazioa elkarbanatzeko bilgune» izan nahi du, kazetari, blogari eta aktualitatea jarraitzen dutenena. Erregistro orri bat behar da, norbere datuekin. Eta Ordoñezek ikasleak animatu zituen bertan argazki eta bideo interesgarriak jartzera, «beldurrik gabe probatzera». Hasier Etxeberriak, berriz, Zuzeura curriculuma bidaltzeko animatu zituen. «Zuzeuk kazetariak behar ditu». Hiru hizlariek «lumak astintzeko unea» dela iradoki zuten, «ahots propioarekin eta kriterioarekin».
Komunikazioa
Ahots propioa izatearen garrantziaz ohartarazi diete komunikazio ikasleei
Interneteko kazetaritza izan dute hizpide Luistxo Fernandezek, Hasier Etxeberriak eta Jon Ordoñezek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu