Komunikazioa

Albiste txarra, albisterik ez denean

Hamar kazetari kartzelan eta beste zortzi epaiketaren zain dituztela ospatzen da gaur, Euskal Herrian, Prentsa Askatasunaren Munduko Eguna, eta ez da ikusten eraso kopurua nabarmen gutxitzen ari denik.

Edu Lartzanguren.
2012ko maiatzaren 3a
00:00
Entzun
Ez dira estatistika bateko datuak, izena eta abizena dituzten langileak dira, informazio askatasunaren itsasoa arrain haztegi bihurtu nahi duten marrazoen biktimak. Urtero bezala, Prentsa Askatasunaren Munduko Eguna ospatzen da gaur, maiatzak 3. Eta iazko datuak ikusita, egoerak ez du hobera egin. Albisterik ez izatea albiste txarra da kasu honetan.

Regina Martinez da azken biktimaren izena. Kazetari mexikarrak 30 urte eman zituen narkotrafikoaren eta Gobernuko kargudunen arteko harremanak ikertzen, La Jornada egunkarian eta El Proceso aldizkarian. Joan zen larunbatean, apirilaren 28an, hilik topatu zuten bere etxean, itota, eta kolpe aztarnekin. Mexikok jarraitzen du zerrenda beltzaren buruan: azken 12 urteotan, komunikabidetako 70 langile hil dituzte.

International PEN Clubek Prentsa askatasunaren kontrako 888 kasu bildu ditu iazko txostenean. Aurreko urtean mila inguru izan ziren.

Espainia eta Turkia

Europa osoan, soilik Espainiak eta Turkiak dituzte kazetariak preso, euren lana egiteagatik.

Eginkasua-ren harira, Jabier Salutregi itxitako kazetako zuzendaria eta Teresa Toda zuzendariordea espetxean izan dituzte azken lau urteotan. Lehenari 7,6 urteko zigorra ezarri zioten, eta bigarrenari, 6 urtekoa. Horrez gain, kazeta argitaratzen zuen enpresako zuzendaritzako zazpi kide dituzte preso, 13 eta 8 urte arteko zigorrekin. Jose Luis Elkoro etxean da, zigorra betetzen, gaixotasun batek atera zuelako espetxetik.

Horrez gain, Egunkaria kasua dago, jende askok amaitu zela uste badu ere. 2003. urtean Juan del Olmo epailearen aginduz, Euskaldunon Egunkaria itxi zuen Guardia Zibilak. Zuzendaritzako kideak atxilotu zituzten, eta atxiloaldian torturatu zituztela salatu zuten. Zazpi urteren buruan, Egunkaria-ren eta ETAren artean inongo loturarik ez zegoela ebatzi zuen Espainiako Auzitegi Nazionalak. Auziaren atal ekonomikoa deiturikoa Donostiako zigor epaitegian dago harrezkero, eta aurki da egitekoa prozedura publikoa. Zerga iruzurra egitea, diru kontuak faltsutzea eta diru laguntzetan iruzurra egitea egotzi diete auzipetuta dauden zortzi langileei, eta 13 urtetik 26 urtera bitarteko kartzela zigorra eta isun handiak eskatzen dituzte haien aurka.

'De facto'-ko zentsura

Alde batetik, kazetarien aurkako begi bistako indarkeria agertzen zaigu, Mexikoko edo Egin zein Egunkaria kazeten kasuak lekuko. Baina horren ondoan, prentsa askatasunaren aurkako ezkutuko erasoak daudela salatu du Laura Mintegi Euskal PEN klubeko presidenteak. «De facto-ko zentsura dago. Komunikabideak gero eta esku gutxiagoren menpe daude, eta zentsura zuzena da». Ixilarazteko beste modu bat ekonomikoki itotzea da, Mintegiren arabera. «Komunikabideak definizioz defizitarioak dira, eta, diru laguntzarik gabe, gauza bera lortzen da: isilaraztea». Horrela egiten ari dira orain ere, disidentzia politikoari ahotsa ematen dioten hedabideekin, Mintegik dioenez: erakundeen publizitatea ukatuta, esaterako. «Erasoa etengabea da. Beraz, ez dago adierazpen askatasunik».

Prentsa Askatasunaren Mundu Eguna gogoan, bi ekitaldi egingo dira gaur Euskal Herrian. Nafarroako Kazetarien Elkarteak bilkura egingo du 12:00etan, Gazteluko plazan, bere egoitzaren ondoan, Kazetaririk gabe ez dago kazetaritza; kazetaritzarik gabe ez dago demokrazia leloarekin. Goiburu bera erabiliko du Euskal Kazetarien Kolegioa taldeak. Topaketa informala antolatu dute, 19:00etan, La Granja kafetegian, Bilbon. Odisea telebista kateak saio berezia emango du, eguna gogoratzeko. Lau dokumental emango dituzte gaurtik hasita, ostegunero, maiatzaren 17ra arte. Gaurkoa gerra berriemaileen ingurukoa da. Anthony Feinsteinek ekoitzitako Corresponsales de guerra (Under Fire: Journalist in Combat) emango dute, 18:00etan. Dokumentalik onenaren saria jasotzeko izendatu zuten aurtengo Oscarretan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.