Nafarroaren konkistaren 500. urtemugaren karietara, joan den larunbatean ikuskizun berezia egin zuten Amaiurren. Pier Pol Berzaitzek gidaturik, Amaiur elkartea, Kompany Beritza, Mauleko Les Amis du Chateau eta Zuberoako hainbat dantzari eta kantari elkarlanean aritu ziren Amaiur 2012. Haien ametsa gurea da lana jokatzen. Eta larunbatean bertatik bertara ikusi ezin izan zutenek aukera ona dute gaur, ETB1en, 22:20ean.
Ikuskizunean 110 pertsonak parte hartu dute, tartean abeslariak, bertsolariak, dantzariak eta antzerkigileak. Musikaren arduraduna Karlos Gimenez izan da, eta koreografo lanetan Edu Murumendiaraz aritu da. Teknika lanez, Joxe Luis Zabala eta Iurdiots arduratu dira. Beñat Montan eta Peio Larre antzerkilariak eta Amets Arzallus bertsolaria ere agertzen dira.
«Luzaz egon da Baztan Zuberoatik oso urrun, eta, orain, ikuskizunaren bidez sortzen ditugu harremanak; hori ezinago positiboa da», esan du berriki Pier Pol Berzaitzek. Ikuskizunak dimentsio politikoa baduen galdetu zion BERRIAk, eta Berzaitzek honako hau erantzun: «Ez da gauza neutralik. Hartzen dugu posizio bat erranez Errege-Erregina Katolikoek Nafarroa konkistatu dutela ezpataren puntan eta nafarrek entseatu dutela beti birkonkista. Eta XVII. mendean gelditu baziren ere, uste dut nafarren gogoan sekula ez dela galdu ideia hau: ez zirela osoki espainolak». Nahiz eta ikuskizuna ez izan erreprodukzio historiko erabatekoa, ikuskizunaren arduradunek historia ikerketa sakona egin dute.
Amaiur 2012. Haien ametsa gurea da ikuskizuna Maulen antzeztuko dute berriz, abuztuaren 10ean eta 11n.
Komunikazioa
'Amaiur 2012. Haien ametsa gurea da' ikuskizuna emango du gaur ETB1ek
Pier Pol Berzaitzek gidaturik, 11o lagunek parte hartu zuten, tartean abeslariak, dantzariak eta aktoreak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu