Zaparrada astelehen gauean. Telebistan. Ni han, euriaren pean. Uholdearen beldur. Aterki gabe. Ziurrenik zu ere. Zoli, dena den. Zail da sinesten, zenbaitzuk zein azkar digeritzen duten guztia. Akaso, ez zuten galbahetik pasatu. Baliteke, aurrez prestatu izana zetorrenerako.
ETAren agiria igaro eta zortzi orduren buruan, Gaur egun ETB1en. Ordutebete geroago, Teleberri ETB2n. Pertsona normal batek ez lituzke bata bestearen atzetik ikusiko. Zertarako. Etxe bat, ildo bat. Ezta? Hala agintzen du logikak. Ni ez naiz pertsona normala, eta logika ez da hain logiko, itxuraz.
Hala izan da beti. Oraingoan ere. ETAren agiriak irakurketa desberdinak izan ditu. Denetariko iritziak, kokalekuak, fokuak... Bakoitzak berea. ETBko albistegietan, ordea, lanketa berezia egin zuten, berriz ere. Oraingoan, muturretik gertukoa. Bi mezu, bi hartzaile motarentzat. Gaur egun eta Teleberri, hurrenez hurren. Hurrenkera bera jarraitu zuten, hogei minutu pasatxoan. Euskarazkoan, agiriaren bideoa, Lopez, Rubalcaba, enpresariak, Urkullu, Pastor, Basagoiti, Maneiro, Arana, Barcina, Abril, Urizar, Beitialarrangoitia, Currin, Amnistia Internazionala, Frantziako Gobernuaren isiltasuna eta haren azken urteetako operazioen aipamena, ETAren historiako su-etenen gainbegiratua eta «terrorismoaren biktimen» ikuspegia. Gaztelaniazkoan, Abrilen lekuan Zabaleta, eta Beitialarrangoitiarenean Moreno, batzuek euskarazko eta besteek gaztelaniazkoak eman baitzituzten. Ulergarria.
Hala ere, ia amorruz ito nintzen zaparradaren erdian. Hurrenkera berak, irudi, politikarien adierazpen, mezu eta ikuspegi desberdinak zekartzan batean eta bestean. Euskaraz haurrei eta txakurrei soilik nola, hala egin zuen ETBk. Euskaraz ikusi genuenoi, Yupiren mundua, gaztelaniaz ikusi genuenoi eskaini zigutenarekin konparatuta. Ez euskarazkoa baikorra zelako, ezpada gaztelaniazkoaren gogortasunarekin alderatuta. Kritikoenen mezurik gaiztoenak izan ziren hautatuak.
Hainbeste, ze bazirudien bi agiri izan zirela, bi herri garela, hitz egin zutenek bitan egin zutela; batean lasaiago, hurrena gordinago. Hainbeste, ze «terrorismoaren biktimen» ikuspegia emateko, ETB2k Eduardo Pueyesen anaia gonbidatu zuen platora bertara. Ez zuen emandako denbora alferrik galdu.
Ekografiak
Agiria agerian (I)
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu