gorka julio

Alborapenak eta albora penak

2024ko apirilaren 20a
05:00
Entzun

Elhuyarrek antolatuta, Adimen artifizialaren erronkak teknologiaren garapena eta etika hitzaldian parte hartzeko aukera izan nuen, eta bertan eztabaida mamitsua sortu zen gaiaren inguruan. Bereziki adimen artifizialeko (AA) algoritmoek dituzten alborapenei buruz jardun genuen bertan.

Alborapenak AAko sistemek sortutako emaitzetan aurreiritzi sistematikoak egoteari deritzo. Askotarikoak izan daitezke: kultura, genero, arraza, jatorriā€¦ Gehienak, guztiak ez badira, gure gizarteak dituen botere-arrakala ezberdinen ondorioa dira; horregatik, alborapenetatik harago joatea garrantzitsua da.

Algoritmoetan alborapenak guztiz desagerraraztea zaila bada ere, minimizatzea posible da, teknika ezberdinen bidez. Gizarte-botere arrakalak eta bazterketak jarraitzen duten bitartean, gizarte horrek sortzen dituen datuak ere halakoxeak izango dira, eta, beraz, algoritmoek hori islatuko dute era batera edo bestera.

Bestetik, algoritmo horiek zeinek, nola eta zertarako sortzen dituen ere begiratu behar dugu, eta hor badugu lana. Normalean erabilitako modeloek transnazional eta kultura handien logiketan egiten dira, eta horrek arazoak ekartzen dizkio gurearen moduko kultura bati.

Ez dugu ahaztu behar AA guk sortzen dugula, guk ekoitzitako datuekin egindakoa baita. Adimen artifiziala, hein batean, etorkizuna baino iragan fosilizatu bat litzateke gu gabe. Etorkizunera proiektatuta, gure begirada barneratuz sortua ez bada, inoizko tresna uniformizatzaileena ere izan daiteke.

Gizakiak erraz ohitzen gara erosoak zaizkigun tresnak erabiltzera, eta hori arazo izan daiteke. Gure izaera ez da algoritmoetan kabitzen, baina herri bezala izaten jarraitzeko era hauetako tresna propioak garatzea ezinbestekoa izango da.

Albora penak, dena ez da eta negatiboa. Bada gurean ezagutza, ikerketa eta komunitate mobilizatu bat adimen artifizialari balioa ematen ari zaiona. Orain daukagun hori garatzeko baldintza hobeagoak behar ditugu, datuak, azpiegiturak, softwarea, hardwarea, baliabideak, pertsonak eta ezagutzak antolatuz.

Baliabide eta lidergo publikoa ezinbestekoa izango da, komunitate antolatu eta anitz baten sostenguarekin batera. Apustu argiak egin beharko ditugu eta anbizioz jokatu beste modelo batzuk ere sortzeko edo beste batzuekin batera garatzeko. Eta horiek irekiak badira, hobe.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.