EKOGRAFIAK

Antton Telleriaren mezua

Gaizka Izagirre
2023ko irailaren 22a
00:00
Entzun
«Gaizka, hementxe uzteizut hau. Etzait whatsapp promo bonbardeoa gustatzen baño kriterioa daukan jendeai bialtzen ainaiz, karkarkar». Antton Telleriak Whatsappez bidali zidan mezua da hori. Testu horren azpian Nekatutak-Grabatutak saioa ikusteko esteka. Nire erantzuna, «begira zeri buruz ari naizen idazten justu une honetan», eta nik jarraian Word fitxategi baten pantaila-irudia bidali nion. Bertan, orain irakurtzen ari zareten testu honen zirriborroa ikus zitekeen. Egun bat lehenago ikusi nuen Nekatutak-Grabatutak, eta saioari buruzko idatziarekin harrapatu ninduen bete-betean.

Bakarrizketak zuzenean ikusteko jaioak direla ez didazue ukatuko. Jon Plazaolak Gaztezulo-n esandako hitz batzuk datozkit burura «...bakarrizketak telebistan ez zaizkit inoiz gustatu, nire ustez hauen tokiak tabernak, kafe antzokiak edota gaztetxeak dira». Argi dago, umoregilea protagonista bada, publikoa, bigarren mailako ezinbesteko aktorea ere badela. Ikuslegoaren arteko hartu-eman horretan bereziki trebea iruditzen zait Telleria. Zuzenean sor daitezkeen inprobisazio une txiki horiekin kikildu beharrean, jendeak jaurtitzen dizkion hitzez zein isiluneez elikatzen den munstro eszenikoa da, eta bere diskurtsoa indartzeko eta sendotzeko aprobetxatzen ditu. Horregatik, Nekatutak ikuskizuna bideoan ikusteko aukera izango genuela irakurri nuenean zalantzak izan nituen.2023ko martxoan Donostian grabatu zen saiorako sarrerarik gabe geratu nintzenez, hauxe izan da nire irtenbide bakarra; ikusi ostean zalantza guztiak uxatu zaizkit. Esperientzia, ez dizuet esango bertan egotea bezala izan denik, baina besaulki gorri horien artean arnasten zen giroa ezin hobeto iritsi zait niri. Publikoaren erreakzioaren zenbait plano, Telleriaren gertuko zein urruneko irudiak, kamera mugimenduak... emanaldia grabatzeko erabili dituzten kamerek eta, jakina, soinuak, erabateko murgilaldia ahalbidetzen dute. Beti lehenetsiko ditut zuzeneko ikuskizunak, baina pantailaren bidez ikusteko aukera ere interesgarria iruditzen zait, modu hain txukunean egiten direnean batez ere. Antzokitik etxeko sofarako jauzia bikainki gauzatu dute.

Proposamena Primeran-ekoei: Grabatutak izeneko atala sortu, eta bertan euskarazko bakarrizketen bilduma osatzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.