gaizka izagirre
Ikus-entzunezkoak

Antzerkia pantailetan

2024ko otsailaren 21a
05:00
Entzun

Nazioartean badira antzerkigintzaren gaia jorratzen duten zenbait saio eta podcast interesgarri. Egia da, telebistan behintzat, garai batean gehiago zeudela. Euskal Herrian 1990. urtean Rosa Zufia kazetari eta zinemagileak, adibidez, ETBn Ikusmira izeneko zinema eta antzerkiari buruzko saioa zuzendu eta aurkezten zuen. 1965. urtean Espainian Estudio 1 izeneko telebistako antzerki saio bat ere bazegoen, eta atal bakoitzean antzezlan bat antzezten zuten. Europako hainbat herrialdetako kateetan ere antzeko saioak nahiko arrakastatsuak izan ziren; Erresuma Batuko Play of the Month edota Frantziako Au théâtre ce soir, esaterako.

Antzerkiaren eta telebistaren artean lotura ugari egon direla agerikoa da, eta gaurko zutabearen abiapuntua baliabide zehatz bati buruz hausnartzeko izango da: antzerki obrak pantailaren bidez kontsumitzea. Zaldibarko zabortegiko gertaerak oinarri hartuta, Hondamendia antzezlana osatu zuten Axut! eta Artedrama taldeek, berezko dituzten begirada zorrotzak, eszena txiki eta erritmo biziek, askotariko soinu bandak eta umorearen erabilera paregabeak ezaugarritzen duten antzezlana. Bada, antzerki obra hori Hamaika Telebistan eman zuten otsaila hasieran, etxeko sofatik mugitu gabe gozatzeko. «Ez du axola dagoeneko ikusi baduzu, ziur bigarren aldiz ikusteko gogoz gelditu zinela», zioen lerroburuak. Antzezlana zuzenean ikusia nuen jada —bikaina iruditzen zait—, baina telebista bidez ikusteko kuriositatea ere piztu zitzaidan. Ikusi ostean onartuko dizuet esperotakoa baino gehiago murgildu naizela eta asko gozatu dudala. Hori bai, telebistan edota zinemetan kontzertuak emateari buruzko antzeko pentsamendua daukat: bideoa oso landua eta zaindua egon arren, publikoa eta aktoreen artean zuzenekoetan sortzen den magia, lotura eta konplizitatea, antzerki obra baten ezinbesteko euskarria iruditzen zaizkit, eta hori pantaila txikiaren harresiaren erruz, galdu egiten da. Egia da, mundu guztiak agian ezin duela antzerkira joan, inguruan ez duelako aukerarik edota baliabiderik eta nazioarteko lanak ikusteko ere erreminta ona iruditzen zait. Ados. Baina pantailaren bidez ikusita, zenbait ñabardura galdu egiten dira, eta ikus-entzunezko pieza plazer hutsa izanagatik ere, niretzat hori ez da antzezlan bat ikusteko mediorik aproposena.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.