Lide Hernando.

Aparkalekuak bizileku

2024ko urtarrilaren 23a
10:12
Entzun

Aitortu behar dut, donostiarra izanik, Pasai Donibanen bizitzen nola amaitu dudan galdetzen didaten bakoitzean ematen dudan erantzunak sentsazionalismo puntu bat duela: «Donostiak bota egin ninduen», esan ohi dut. Sentsazionalista, izan, bada; baina ez gezurra. 25 urterekin bikotekidea eta biok pisu bat alokatzeko asmoarekin hasi ginenean argi ikusi nuen, soldata duin bat izan ezean, ez nuen nire jaioterrian bizitzea lortuko. 2017 hartatik denboratxoa pasatu da, eta nire egoera ekonomikoak hobera egin du; ez, ordea, Donostiako pisuek izan duten igoeraren tamaina berean.

Donostian edota Bilbon pisuren bat bilatu eta frustrazioaren espiralean erori garen guztiok gure amorruaren isla topa dezakegu Filmin plataformak eskaintzen duen The Architect telesail norvegiarrean. Bere hogei minutuko lau atalak batuz, film luze bat balitz bezala ikus daitekeen telesail horrek Julia izeneko arkitekto baten bizitza kontatzen digu: Oslo distopiko batean, biztanleek horrenbesterainoko arazoa dute etxea topatzeko, ezen jada erabiltzen ez diren lur azpiko auto aparkalekuak bizileku gisa alokatzen hasiko baitira. Egoerari aurre egiteko, Juliak proiektu arkitektoniko berritzaile bat aurkeztuko du bekadun gisa lan egiten duen bulego elitistan; baina ez du proiektuaren albo-kalteen inguruan askorik hausnartu.

Ez dut Osloko egoera kontrolatzen, Norvegia oso herrialde garestia dela badakidan arren; baina imajinatzen dut bertako egoerari kritika egitearren sortu zutela Nora Landsrod eta Kristian Kilde gidoigileek fikzio hori. Hala ere, ez ninduke batere harrituko telesaila donostiar gazte batek egin izan balu. Are gehiago, horrelako zerbait izan zitekeen gure fikzioarentzako pizgarri, Iparraldetik aurreratu izan ez bagintuzte; ez baitirudi telesail hori oso garestia izan denik.

Auto-aparkalekuetan gortina batez bananduta bizi diren bizilagunak; espazio publikoaren pribatizazioa; aditu bekadunak; gizarteari laguntzeko ustezko asmoz sortutako proiektu arkitektoniko erabat krudelak. Guztiak dirudi distopikoa eta, aldi berean, erreala telesail honetan. Pertsonaia eta tramaren bat edo beste ahulagoak izan daitezkeen arren, proposamena hain da originala, garaikidea eta, batez ere, beharrezkoa, ezen gomendatu besterik ezin baitut egin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.