Lander Arretxea.
EKOGRAFIAK

Arrantza

2022ko ekainaren 10a
00:00
Entzun
Gehiago edo gutxiago, denok egiten dugu beste batzuen lanaren fruituetan arrantza. Erreferentziak hartzea edo ikerketa esan dakioke gauzak polit samar aurkeztu nahi izanez gero. Ondo —eta, ahal dela, zentzuarekin— kopiatzea ere bai, termino egiatiago bat erabili nahi bada. Telebista saio, dokumental, iragarki, erreportaje, fikzio. Ez du axola: berdin bilatzen dugu zer egin den guk jorratu nahi dugun gaiaren bueltan, nor nabarmendu den, nork duen zeresana eta nork hori ikus-entzunezkoak eskatzen duen adinako irmotasunez kontatzeko gaitasuna.

Hori egiten denean, ordea, komenigarria da elegantziak, errespetuak eta etika periodistikoak eskatzen duten gutxienekoak kontuan hartuz jokatzea. Handiagoa eta aberatsagoa den norbaiti ikusitakoak errepikatzen badituzu, tira: zuk ezer esan gabe ere berdin jakingo du ikusleak zein erreferentziatatik edan duzun. Zu baino txikiagoa eta txiroagoa den beste inoren formula berrerabiliz gero, aldiz, ezinbestekoa behar luke haren lana aipatzea, edo, bestela, bide pribatuen bidez eskatzea baimena: «Aizu, asko gustatu zaigu hemen egin duzuna, antzeko zerbait egin nahi genuke hau edo besterako...».

Tamalez, ez da beti izaten hala. Aste honetan bertan lehertu da kasu bat Espainiako telebistan. Carles Tamayo youtuberrak IM Academy sasi-enpresa iruzurgilearen jokabideak ikertu ditu hainbat hilabetez, eta bere bideoetan eman du horren berri. Gloria Serrak aurkezten duen Equipo de Investigación saioa harekin jarri zen harremanetan, eta hark, zer agindu zioten kontuan hartuta, haien eskura jarri zuen bere informazioa. Behin hori eskuratuta, ordea, haren aipamenik egin gabe —eta ezer ordaindu gabe— egin dute saioa, Tamayoren haserre eta harridurarako.

Ez da, zoritxarrez, salbuespena. Guk geuk, Atzean Zuloa egiteko, Pantomima Full kopiatu dugu lotsagabeki. Gertatu zaigu kontrakoa ere: ETBko saio potolo batek guk aurrez EITBrentzat, baina gure ekimenez Zulora saioan jorratutako gai bera hartu, izenburua bere horretan mantendu, zenbait hizlari errepikatu, eta saio berri bat osatu du, inolako aipamenik —ez publikoki ez pribatuan— egin gabe. Denok egiten dugu beste batzuen lanaren fruituetan arrantza. Eginez gero, ez da asko kostatzen detaileak zaintzea, besterik ez bada ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.