gaizka izagirre
Ikus-entzunezkoak

Autismoa pantailen artean

2024ko apirilaren 19a
05:00
Entzun

Fikziozko istorioek ikusgarritasuna ematen diete ikusle askok ezagutzen ez dituzten errealitateei. Gero eta film eta telesail gehiagok lantzen dituzte beren argumentuetan, adibidez, Autismoaren Espektroko Nahasmena duten pertsonaiak. Azken urteotako ezagunena Aspergerren sindromea duen Sheldon Cooper izan liteke, baina Rain Man filma izan zen autismoa zuen pertsonaia bat azaltzen zen lehen filmetako bat. Ikusgarritasun handia eman zion gaiari baina, aldi berean, zenbait mito ere sortu zituen; sentiberatasun handiko pertsonak direla, begietara begiratzea saihesten dutela edota zenbakietarako memoria miragarria dutela. Geroztik ekoizpen ugari egin dira, baina oraindik bada sarritan errepikatzen den beste estereotipo bat: guztiak gizon, zuri eta zisheteroak direla. Oso interesgarria litzateke AENren bat duten pertsonen errealitate, arraza, sexu eta genero-aniztasun guztia irudikatzen hastea.

Zorionez, badira izenburu interesgarriak: As We See It telesaila, adibidez. Autismoaren Espektroko Nahasmenduren bat duten hiru pisukideren istorioa azaltzen du, gizartean lekua hartzen eta beren burua gainditzen saiatzen direnak. Jason Katimsek, telesailaren sortzaileak, argi izan zuen hasieratik pertsonaiak neurodibertsitate hori zuten aktoreek gorpuztu behar zituztela; erabaki horri esker, kontakizunak sekulako errealismoa eta samurtasuna jariatzen du. 30 minutuko zortzi atalek hunkiberatasunez eta umorez erakusten dituzte gazte hauen bizitzak, lorpen handiak zein unerik zailenak aurrez aurre jarriz. Errealitate zaplazteko gazi-gozo bat sentituko duzue, eta enpatia ariketa egiteko ere baliagarria izango zaizue.

Love on the Spectrum dokumental-reality-a ere aipatu nahi dut. Ikusle guztientzako moduko formatua da, eta bikote zein maitasun-harremanei buruzko ikuspegi erromantikoa eskaintzen du. Hala ere, ezin da saihestu, azken batean, autistak ikuskizun baten erdian jartzen dituela, eta horrek zalantza eta kontraesan ugari pizten dizkit. Baina tira, samurra eta polita da. The Reason I Jump dokumentala interesgarriagoa iruditzen zait. Gaiari buruzko dibulgatzaile garrantzitsuenetako bat den Naoki Higashidak 13 urte besterik ez zituela idatzitako liburuan oinarrituta dago eta munduko hainbat autistaren erretratua egiten du. Ederra da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.