gorka julio
Teknologia berriak

Azpiegituren Maiatzaren Lehena

2024ko maiatzaren 4a
05:00
Entzun

Azpiegiturek garrantzia eta eragin berezia dute gure bizitzetan. Tren azpiegitura berri batek azken 30 urteetako gure aurrekontuak baldintzatu ditu, eta orain arrazoi berarengatik egunero milaka pertsonak aldirietan ibiltzeko arazoak dituzte Donostia ingurunean. Azpiegiturak, baina, ez dira hor gelditzen, eta aro digitalekoetan pentsatu behar dugu.

Garraio publikoa bezala etorkizuneko azpiegitura digitalak ezinbestekoak dira jada, eta gero eta garrantzitsuagoak izango dira. Digitalaren eragin zabala aitortzen dugunean, tamainako erantzun bat egon beharko luke garatzen diren azpiegituretan ere, eta ez da gertatzen ari.

Adimen artifiziala adibide hartuta, ikerketa eta inbertsioez gain, erakunde publikoen zuzeneko ekinbidea eskatzen du, baita beste batzuekin elkarlanean aritzeko prestasuna. Erronkak asko dira, konputo gaitasuna eskuratzea, modelo propioetan ikertzea, datu multzo erabilgarriak sortzea…

Hiru aukera nagusi ditugu, dauden eredu erraldoiekin lan egin, jakinik ez dugula bertan eragiteko gaitasun handirik, baina horretan saiatuz. Bigarrenik, dauden ereduetan bai, baina irekiak direnekin saiatu eta hor toki bat egin. Eta hirugarren, modelo propioak ikertu eta elkarlanean bada ere horietan sakondu.

Erantzun bakarrik ez dago eta seguruenik estrategia guztien collage bat egin beharko dugu. Eskatzen dudana da hasieratik lehen aukeran ez erortzea beti. Hirugarren eta bigarren aukerak lehenestea, alegia. Amaieran, besterik gelditzen ez denean lehenengoari heldu beharko badiogu, egingo dugu, ahal dela kasu horretan ere sortzen diren datuak edo ezagutzak bestela ere baliatu daitezkeela pentsatuz beti. Hori bai, sektore batzuetan oso argi izan beharko genuke lehenengo aukerak ez duela tokirik, etorkizuna hipotekatu nahi ez badugu behintzat.

Oraintxe pasatu da Maiatzaren Lehena, askotan ahazten zaigu, azpiegitura izan gabe garrantzitsua dena hori posible egiten dutenen lana eta ezagutza dela. Gauza gutxi dira teknologia hauek bezainbesteko eragina dutenak lanaren eremuan. Hori ere zaindu behar dugu, ez lan baldintzengatik soilik, baita gauzak egiteko beste erak landu nahi baditugu. Aldarrikapen batzuk izan dira, baina faltan sumatu ditut gai honi buruzko eta baita horrek ekarriko dituen harreman aldaketen inguruko hausnarketa gehiago.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.