Ekografiak

Bai baina ez?

Jokin Labaien.
2011ko otsailaren 9a
00:00
Entzun
Aspaldi, halako egun batean eta urruneko hiri batean, neure buruaz hausnarrean ari nintzela otu zitzaidan. Erantzun argirik ez, eta dena esan eta ezer ez dioen halako izen bat asmatu nion neure buruari: utopiko ezkorra. Utopikoa bai, gizakion gaitasunak aintzat hartuta bizi dugun mundua hobea izan litekeela uste baitut. Ezkorra ere bai, gaur-gaurkoz ez dudalako hori gerta dadin beharrezko diren baldintzarik ikusten. Ez du oinarri filosofikorik. Ez zen hura helburua. Neure buruari egia batzuk aitortzeko aitzakia zen. Neure buruari gezur batzuk egozteko bezainbeste. Ironiaz. Ironiarik gabe.

Hala nago, oraindik ere, gure herri honi eta gertatzen zaionari begira. Utopiaz. Ezkortasunez. Bai, bai; baina agian ez, ez. Hori nire kontua da. Nik konpondu edo landu beharrekoa. Gauza da, azken egunetan indartu egin dela definizio hori. Oraingoan ez da nigatik izan. Eta irribarre txikiz, urruneko hirian pasatako egun hartaz oroitu naiz.

Deigarria da gaur Sortu izena duela badakigun alderdi berriaren aurkezpenak eragin duen erantzun sorta. Deigarria da, ikusi ahal izan ditudan telebista kateetako albistegietan espero ez nuen moduan erantzun baitiote. Askok, TVEkoek eta EITBkoek kasu, prentsaurrekoari egin diote erreferentzia. Prentsaurrekoan esandakoen irakurketak eta ondorengo orduetan izandako adierazpenak. Iraganaz, ilegalizazio aldiari egindako gainbegiratu laburraz salbu, deus ez. Unea eta aurrera begirakoa. Utopikoegia. Ezin du kasualitatea izan. Lagun batek esan zidan Juan Kruz Lakasta aditu zuela Hala Bedi irratian. Zenbait hedabidetako arduradunei legalizazioaren gaia lantzeko eta gizarteratzeko abisua pasa ote dieten. Horra Lakastaren ekarpena. Banengoen ba ni ezin zela kasualitatea izan. Baina... dagoeneko, pasatakoak pasata, utopikoegi izateak izan ditzakeen ondorioak buruan, ezkortasunerako bidea justifikatu zidaten, astelehenean bertan, Las mañanas de Cuatro saioko mahai-inguruan. Bost kalakari bi multzotan. Bik tranpa irizten zioten alderdi berriaren aurkezpenari; hiruk, aurrerapauso. Bietako batek, PPren gertukoak, tranpa zela, «tranpa, tranpa, hauteskundeetan egon ahal izateko tranpa». Zerbait gertatuko balitz arbuiatzeko konpromisoa hartua zutela gainontzekoen erantzuna. «Hor datza tranpa, bai baitakite ez dela ezer gertatuko». Ezkorregia?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.