Lander Arretxea.
EKOGRAFIAK

Benitoren estilora

2022ko irailaren 28a
00:00
Entzun
Sailkatzen zaila den ikus-entzunezkoa da bideoklipa. Beharbada, genero bat delako bere baitan. Telebistarako jaio ziren lehen-lehenak —MTV telebistak zabaldu zizkigun lehenik, baina baita SuperBat-ek ere—. Pixkanaka abestitik banaezina den elementua bihurtu dira. Bideoklipa da musika izar entzutetsuenek —eta entzunenek— kantak aleka aurkezteko baliatzen duten marketin tresna. Musikarien proposamenaren osagarri ia ezinbestekoa da: estetika bat, jarrera bat, mundu jakin bat sortu edo erakusteko baliatzen dena. Euskal Herrian bertan baditugu bideoklipetan trebatu diren ekoiztetxe ezin finagoak —Arriguri, Badator— eta ez da talde sonaturik jada haien esku eta begietatik igaro ez denik. Mundu mailako joerak ekartzen dituzte gurera, iruditegi propioa sortzeari uko egin gabe.

Joeretan azkena errepikatu duenik ez da oraindik. Bad Bunny-k bere azken albumeko El Apagón abestiarekin egin duenak bideokliparen berezko mugak gainditu baititu. Abestia dokumental tankera duten pasarteekin tartekatuta, hogeita bi minutuko pieza osatu du. Baina ez da luzera, formatua, kolorea edo argiztapena bideoklip gogoangarri egiten duena. Ezaugarri apurtzaileena tematikoa da; kantak eta tartekatzen duten elkarrizketek jorratzen duten gaia. Puerto Ricoko biztanle zapalduenen arazoak jaso ditu ahoan bilorik gabe: energia enpresa diruzaleen esku uzteak dakartzan itzalaldiak; hondartzen (zeharkako) pribatizazioa; kanpoko inbertsoreen erosketa mugagabeak herritarren bizitzetan duen eragin basatia. Hori guztia datuak eta testigantzak uztartuta, arduradunak politikariak, enpresariak, lobbyak— izen-abizenez salatuz. Zazpi milioi lagunek baino gehiagok ikusi dute dagoeneko.

Bada bideoklipen loraldia irudiaren diktadurarekin lotzen duenik. Bad Bunny-k berak ere baliatu (izan) du bere inperio musikal propioa eraikitzeko. Baina bideoklip honekin egin duena ez da bere lana zuritzeko kausa progresista bat besarkatzea soilik. Arriskatu egin da eta egiazko eragina izan nahi duen zerbait ondu du. Puerto Ricoko biztanleen borrokak badu bazterrotan ditugun nahi eta ezin askoren antza. Jaialdiak banketxeek eta garagardo ekoizle handiek finantzatzen dituzten eszena honetan, ausartuko da inor Benitoren estiloa gurera ekartzen?.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.