EKOGRAFIAK

Bertsolari frustratua

Lander Arretxea.
2018ko urriaren 4a
00:00
Entzun
Badut lagun bat datuak asmatzeko joera kontrolaezina duena. Inork bota duena gezurra dela aurpegiratzen badio, erantzun borobila izaten du gainera: «Total, asmatua da irakurtzen ditugun estatistiken %45». Beste afirmazio zalantzagarri bat da maizen errepikatzen duena; bertsolariak direla hamar zutabegiletik sei. «Eta beste bi dira, gutxienez, bertsolari frustratuak», gehituko nuke nik. Aitor dezadan behingoz: tartean neroni.

Nire kasuan, bat eta bakarra da horren erruduna: Hitzetik Hortzera, igandero aiton-amonen etxeko bazkalostetan telebista piztean topatzen nuen ETB1eko saioa. Askok etxean bertan jaso baitute bertsolazetasuna —Txapelketa Nagusiak zapaldu dituzte Pirritx eta Porrotx ezagutu aurretik, bertsotan hasi dira hitz egiten oraindik jakin gabe...—, edo izan baitute ikastetxean bertsolari batekin edo irakasle saiatu batekin bertso-eskola tankerakoa egiteko aukera; baina beste mordoxka batek ez. Soilik telebistari esker—edo erruz— ezagutu ditugu Lizaso, Egaña edo Lujanbio.

Pasatu dira urte batzuk ordutik, eta ohartzerako, 30 urte beteko ditu Bertsozale Elkarteak eta Euskal Telebistak elkarlanean ekoizten duten saioak. Zenbait aldaketaren hasi dute denboraldi berria gainera, fitxaketa berriekin: Eider Perez aurkezle gisa eta Txakur Gorria sormen taldeko kideak gidoi zein diseinu lanetan. Aurkezlearen presentziak bizitasuna ematen dio saioari, eta diseinuari dagozkion berritasunek ere on egin diote nabarmen. Errealizazioak, azken urteetan bezain txukuna izaten jarraitzen du. Iruditu zait, hala ere, gidoilari berrien eskua oraindik gehixeago nabari daitekeela: badagoela tartea gaietan, erreferentzietan, begiradan, ekarpen eta berrikuntza gehiago egiteko. Baina joan den igandekoa lehenengoa besterik ez da; utz diezaiegun egiten.

Bien bitartean: izango da nostalgiak jota aitona-amonen etxeko bazkariak gogoratu ditudala, Bilintxen agerpenak poztu nauela edo gai nagusi gisa Donostia hautatu dutenez pantailan ikusi ditudala dozenaka lagun on; baina orain hogei urte bezain gustura ikusi dut: bakarrik, gogoz eta bukaerak nirekiko errepikatuz. Jarraituko du, dudarik gabe, bertsozalerik ez den etxeetan bere funtziorik oinarrizkoena betetzen: noizbait zutabegileak izango dira orain ikusten duten gaztetxoen %20.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.