gaizka izagirre
Telesailak

Beste bizitza batean

2024ko martxoaren 27a
05:00
Entzun

Urtzi Urkizuk eta Lide Hernandok aipatu dute jada telesaila, baina hainbeste gustatu zait niri ere, gomendatzeko gogo biziz nengoen. Cabezudo anaiak telesailari izena ematen dion Nos vemos en otra vida (Manuel Jabois) liburuaren egokitzapenaz baliatu dira ekoizpen landu eta oso interesgarria osatzeko. Liburu horretan, Manuel Jabois idazleak, ikerketa lana oinarri hartuta, 16 urteko Gabriel Montoya Vidal elkarrizketatzen du, Baby ezizenez ezaguna dena. Madrilgo 2004ko martxoaren 11ko atentatuengatik zigortu zuten lehen pertsona izan zen. Montoyak eta Jose Emilio Suarez Trashorrasek dinamita garraiatzen lagundu zieten jihadistei. Bereziki bien arteko harremanean jarri dute arreta zuzendariek; izan ere, lehergailuak eskuratu eta garraiatu zituzten pertsonak izan ziren, gerora 192 pertsonaren bizitzak akabatuko zituzten lehergailuak. Liburuen moldaketak beti dira zailak, eta, kasu honetan, plusa gehitu behar zaio: kontua ez baitzen eleberri bat pantailara eramatea, baizik eta pertsonaia erreal baten elkarrizketa, eta oso gai delikatua eta zaila ardatz duena. Osagai horiekin zerbait kaskarra egiteko arrisku handia zuten arren, fikzioak eskatzen duen elementu dramatikoz josi dute, eta, gainera, errudunak zuritu gabe eta biktimei erabateko errespetua azalduz. Oso txalogarria da egin duten lana.

Protagonista nagusia Babyda, baina Pol Lopez nabarmenduko nuke gainerako antzezleen gainetik, Suarez Trashorrasen pertsonaia gorpuzten. Ez da lehen aldia interpretazio lan nabarmena eskaintzen duena —Mikel Gurrearen Suro-n esaterako—, baina hemen bereziki ondo dagoela iruditzen zait. Distantziak salbu, Joe Pescik Goodfellas edota Casino erako gangster pelikuletan egiten zituen pertsonaien kutsua antzeman diot. Moralik gabekoa, aldi berean umoretsua eta beldurgarria, gutxien espero dugunean basakeriara jotzeko inolako arazorik ez duen pertsonaia. Telesailaren mamia atentatu horien berregitean egongo dela uste baduzu, oker zabiltza. Patxadaz garatzen baitu oso ondo landutako gidoia, eta egun horren aurretik gertatutako guztia zehaztasunez aletzen baitu. Pertsonaiak ezin hobeto marraztuak daude eta xehetasunez azaltzen dituzte gertaerak, modu arin, entretenigarri eta, batez ere, errealista eta sinesgarrian.
 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.