Ekografiak

Betaurrekoak

Jokin Labaien.
2011ko otsailaren 5a
00:00
Entzun
Betaurrekoak kendu ditut, baina espero dut zuen konfiantza ez galtzea». Atzoko Tele5 kateko eguerdiko albistegiaren erdian bota zuen esaldia David Cantero aurkezleak. Hiru ordu laurdeneko emanaldian honako hauek harilkatu zituzten:

—Egiptoko «Kanporaketaren eguneko» manifestaldiak alboan utzi, eta bi irudi nagusi. Suhiltzaileen kamioiak, manifestari bat eta limusina txuriak 20 harrapatzen. Iraultzaren izenean.

—Maria Esther 13 urteko neskaren ustezko hiltzaileari buruzko albiste parea. Ahalik eta xehetasun gehien elkarren segidan. Besteak beste, haluzinazioak dauzkala eta horietako batean haur bat hil behar zuela adierazten ziola lagun bati. Amaitzeko, lagun horrek eskizofrenia duela.

—Canterok betaurrekoak jarri bitartean dio tresna horrek konfiantza nola ematen duen. Azkenaldian iruzurgile eta lapur askok janzten dituztela adierazten dute. Informazioa ilustratzeko, optika bateko saltzailea, betaurrekoen psikologian aditua bera, autoritatearen argumentuari emana.

—Errusiako irudiak. Gizon bat, eraikin bateko azken solairuko barandan zutik eta oinutsik. Antena bat eusten du eskuekin. Bat-batean, oreka galdu eta beherantz nola doan ikusten dugu. Bidean hainbat ertz jo ondoren, lur elurtuaren aurka. Poliziak eta kameraria inguratu, gizona altxatu, eta onik dagoela ikusten da. Badoa etxerantz, nola ez, fatxadatik gora eskalatuz, geratu egiten duten arte.

—Behin mozkorrekin hasita, bi bat baino hobe. Brasilen mozkorra batera eta bestera balantzaka. Trenbidea gurutzatzen hasi, eta doi-doi saihesten du joan berri den trenaren abiadura bizia.

—Eta Gironako istripuan miraria. Kamioi gidari batek kontrola galdu, eta geldirik dagoen beste kamioi bat jotzen du. Haren atzean hiru langile ihesi, bizitza salbatu nahian. Segurtasun kamerako irudien kalitatea eskasa, baina, eta astiro-astiro errepikapena. Betiere, langileak eta gidaria borobil batean sartuta. Azken hori, kristaletik ziztuan irteten argi ikusteko.

—Ostegun gauean, Madril erdigunean ere izan zen istripua. Auto batek eta taxi batek jo zuten elkar. Autoa, txikituta, eta taxi gidaria, irten ezinik. Suhiltzaileek atera bitartean erakusten digute, ahalik eta plano motzenarekin.Albiste zer den eta ez den erabakitzeko jartzen ditugun betaurrekoak ere faltsuak izan daitezke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.