gaizka izagirre
Ikus-entzunezkoak

Bi dramedia

2024ko apirilaren 10a
05:00
Entzun

Dramedia (Drama eta Komedia uztartuta) azpigeneroaren zalea bazara, gaurko zutabea bereziki interesatuko zaizu; berriki generoari loturiko bi telesail oso interesgarri ikusi ditut.

Lehena, One Day. Leo Woodall eta Ambika Mod aktoreen lana eta pertsonaien arteko kimika eta magnetismoa dira telesailaren euskarririk sendoenak. Erlazio erromantikoaren eta adiskidetasun anbiguoaren arteko istorio gazi-gozo ederra eta dramatikoa osatu dute. Lehen atalean Dexter eta Emma ezagutuko ditugu, unibertsitateko graduazioaren unean. Elkarrekin joan dira festan, gaua eta hurrengo eguna elkarrekin igaroko dituzte, baina horren ostean elkar agurtuko dute. Ustekabeko elkartze iragankorra dirudien une horiĀ hogei urteko maitasun eta adiskidetasun istorio bihurtuko da.Bata bestea gabe ezin bizi, baina aldi berean, ezinezkoa zaie harreman zehatz eta finko bat gauzatzea. 14 atal ditu guztira telesailak eta horietako bakoitzean egun bat azaltzen da, beti uztailaren 15a. Lehen hamabietan 1988ko lehen egun hori eta 1999. urtea bitarteko egunak. Azken bietan, aldiz, 2000-2007 urte bitartekoak. Gidoiaren egitura bereziak hutsuneak apurka betetzen lagunduko dizue. Soinu banda ederra da, espazioa eta denbora zentzuz erabiltzen dira telesailean, eta meheki garatzen da istorioa.

Bigarrena, The Lovers. Komedia erromantiko klasikoagoa, baina asko gozatu dut horrekin ere. Hemen ere pertsonaia erakargarriek osatzen dute bizkarrezurra, haien artean ezin desberdinagoak direnak; Janet, Belfasteko supermerkatu batean lan egiten duen emakumea, senarrak beste emakume batengatik utzi berri du, bere buru osasuna hauskorra da oso. Seamus, aldiz, kazetaritza politikoan ospea izateaz gozatzen duen gizonezko egozentrikoa da, Londresen bizi da, ezkonduta dago eta oso harro dago duen bizitzaz. HaienĀ arteko topaketa Belfasten gertatuko da, telesailean leku garrantzitsua izango den hiria. Seamusek saihestu egin nahi du, oroitzapen gogorrengatik ez baitu itzuli nahi hara. Generoaren topikoz josia dago, baina freskotasun handia ematen dioten osagarri gaurkotuekin. Arina da, baina baditu sakontasun tanta batzuk ere; Ipar Irlandako protestanteen eta katolikoen arteko gatazkaren gaiak adibidez, umore beltzez jositako uneak oparitzen ditu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.