Askori kosta egin bazaie ere, denak ados jarri dira azkenerako. Informazio bera ematen ari dira. Betaurreko berak jantzi dituzte eta, orain, Hosni Mubarak diktadore bezala aurkezten digute albistegietan. Haren jarraitzaileak dira Kairoko Tahrir plaza gudu zelai bihurtu dutenak. Duela bi aste, ba ote genekien nor zen gizon hori, zertan aritu den azken hamarkadetan, nola lortu duen egun dagoen lekura iristea, zergatik irten den kalera hainbeste pertsona haren kargua utzi dezan exigitzeko, haren defendatzaileak zergatik dauden haien onetik irtenda? Lehen ez al zen, bada, diktadorea hura, eta zapaldua herria?
Hori ez digute azaldu azken egunetan telebistan ikusi ditugun irudiek. Eta, bat-batean, hedabideentzat gizon ikusezina izandakoa deabru bihurtu da. Era berean, harentzat eta haren defendatzaileentzat kazetariak bihurtu dira deabru. Esaterako, TV3ko berriemaile berezia, Joan Roura, mehatxatu eta jo egin dute zuzeneko konexioa egiten ari zela; RAC1 irratiko Sal Emergi kazetariari gauza bera gertatu zaio; AEBetako CNN kateko talde bati bezala. EITBko Olatz Simon ere ikusi dugu, albistegian ordenagailuko kamerarekin grabatutako irudietan, hoteletik irten ezinik, kazetarien hotela inguratu dutela esanez. Halaber, kazetari askok salatu dute zuzeneko konexioak egiten ari zirela mugikorrak eta beste lapurtu dizkietela.
Mubaraken jarraitzaileentzat kazetariak dira masa zentzugabearen errudun. Mundua desinformatzeko arriskuaren aitzakian argindarra moztu zuten aurrena. Orain, miran dituzte. Dena alde dagoenean isiltasunez zein hitzez hauspotzen dituztenak dira gaur kaltegarri zaizkienak. Inkoherentzia bi aldeena izan daiteke, mikrofonoak ere deabruak kargatzen baititu. Eta galtzaile betikoak dira, herritarrak eta langile soilak. Gainera, jolas parkera nola, halaxe bidaltzen dituzte giroa ozpinegi dagoen gudu zelaira.
Egoeraren larritasuna ukaezina da. Irudiak ikusi dituen edonork sentituko zuen halako ezinegona. Zinema zuzendari onenak ere ez luke lortuko halako irudirik. Gidoilari onenak ez luke tentsioa era horretan islatuko, egoera egun batetik bestera irauliz. Albistegiaren erdia baino ez diote eskainiko, ordea. Falta dena kazetarientzat izango da. Nola dauden, beldur ote diren, zein zailtasun dauzkaten... Erabat zilegi, baina...
Ekografiak
Deabruaren mikrofonoak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu