urtzi urkizu
Sexu indarkeria

Depardieu, Vermut eta bortxaketaren kultura

2024ko otsailaren 4a
05:00
Entzun

Lekuz kanpokoa, denboraz kanpokoa eta nardagarria da zera entzutea: «Momentuan salatu behar zuen. Zergatik salatu du handik urte batzuetara?». Hori esaten duenak —gehienetan, gizonezkoa izaten da— ez du sexu abusurik jasan, eta ez da biktimaren tokian jarri. Edo ez du jabetu nahi zein zailtasun izan dezakeen emakume batek jasan duena kontatzeko —berdin du epaitegi batean edo kazetari bati—. Amaia Nausia Pimoulierrek 2022ko apirilaren 15ean egoki definitu zuen bortxaketaren kultura BERRIAko artikulu batean: «Badakigu sexu eraso gehienak ez direla salatzen. Bortxaketaren kulturan bizitzearen zantzuetako bat da emakumeen aurkako indarkeria mota desberdinekiko permisibitatearen eta tolerantzia sozialaren isla. Eredu kultural eta sozial honetan, gizonak emakumearen aurka erabiltzen duen indarkeria legitimatzen da, emakumeak egiten ditu bizi duten indarkeria egoeraren erantzule eta errudun, eta sexu jazarpena, bortxaketak eta feminizidioak gizarte matxista baten ondorio direla aitortzea eragozten du. Bortxaketaren kultura, hain ohikoa gaur egun, ez da gauza berria, jakina. Emakumeok bortxatuak izatea ez genuela merezi frogatu behar izan dugu beti. Edozein aitzakiak balio izan du bortxaketa bat justifikatzeko, edo, are gehiago, bortxaketa bezala kontuan ez hartzeko».

Gerard Depardieu
Gerard Depardieu aktorea. CLEMENS BILAN / EFE

Bistan da: Gerard Depardieu aktorea defendatu dutenek ez dituzte kontuan hartu bortxaketak salatu dituzten emakumeak. Abenduan, Frantziako kultur arloko eta beste arlo batzuetako 50 pertsonak agiri bat plazaratu zuten Le Figaro egunkarian, Depardieuren aurkako «lintxamendua» salatuz. Aktorearen sexu abusuak eta bortxaketak jasan dituzten emakumeak bi aldiz biktima bilakatzen ditu horrek. France2 kateak La chute de l'ogre dokumentala estreinatu zuen egun berean —Depardieuren jarrera azaleratzen zuen—, abenduaren 6an, Emmanuelle Debever aktoreak bere burua Sena ibaira jaurti zuen. Handik astebetera hil zen. Debederrek 2019an salatu zuen Depardieuren sexu erasoak jasan zituela urte batzuk lehenago. Auzi bidean diren salaketak ezin dira albo batera utzi: Charlotte Arnould aktoreak salatu du 2018an bitan bortxatu zuela, eta Ruth Baza kazetariak salatu du 1995ean elkarrizketa batean bortxatu zuela.

GERARD DEPARDIEU - VLADIMIR PUTIN
Gerard Depardieuri Errusiako nazionalitatea eman dio Vladimir Putinek. ALEXEY NIKOLSKY / EFE

Sexu abusuak egiten dituzten gizon batzuek hitz egiten dutenean are agerikoagoa da haien izaera zein den. Depardieuk berak esan izan dituenak La chute de l'ogre dokumentalean entzun ziren. Emakumeen aurkako hitz iraingarriak dira asko, nahiz eta zenbaitek desenkusatu nahi izan —Emmanuel Macron errepublikako presidenteak, esaterako—.

Time aldizkarian, Richard Corliss kazetariak Depardieuri egindako elkarrizketa bat berreskuratu zuen. Bortxaketa batean parte hartu ote zuen galdetu, eta hara aktorearen erantzuna: «Bai, baina zirkunstantzia haietan normala zen».

'Magical Girl' RTVEtik kanpo

Sexu indarkeriazko bere jarrera justifikatu egin du Carlos Vermut zinemagileak ere, El País egunkarian. Hiru emakumek kazeta horretan lekukotza beldurgarria eman dute; sexu indarkeriaz betetako bizipenak azaleratu dituzte. Lekukotzekin batera, egunkariko kazetariek hainbat lagunekin hitz egin dute —frogatzat har daitezkeen baieztapenak dira—. Eta Vermuten hitzak ere ageri dira artikuluan: «Pertsona bat deseroso egon daiteke, eta agian ez du transmititzen besteak ulertzeko moduan. Pertsona horrek pentsa dezake egoerak okerrera egin dezakeela». Kazetariak galdetzen dio ea zer esan nahi duen «egoera okertu» hitzekin. Eta Vermuten erantzuna: «Irudika ezazu zu halako bi den pertsona batekin zaudela, eta gelditu egin nahi duzula. Ados. Eta esan nahi diozu gelditzeko, baina agian ez duzu hain zorrotz jarri nahi beste pertsona gehiago haserretu ez dadin. Badakizu?...». Depardieuk bezala, Vermutek bere bortxakeriazko jokabidea zilegi dela sentitzen du. Bortxakeriaren kulturaren beste ertz bat da.

'Magical Girl'
Carlos Vermuten Magical Girl filma.

Horrekin guztiarekin batera, bada Vermuten auziak mahai gainean jarri duen beste eztabaida bat. Izan ere, RTVE Play plataformak kendu egin du Vermuten Magical Girl filma —Urrezko Maskorra eta zuzendari onenaren Zilarrezko Maskorra irabazi zituen Donostiako Zinemaldian, 2014an—, El País-en artikulua argitaratu eta hiru egunera. Pertsonaren eta obraren arteko eztabaida amaiezina hor da. Kontua da beste plataforma batzuetan ikus daitekeela Magical Girl. Ez ote litzateke zentzuzkoagoa RTVEk filmaren hasieraren aurretik hitz batzuk paratzea pantailan? Hitz batzuk adieraziz hiru emakumek publikoki salatu dutela sexu indarkeria jasan dutela zuzendariaren partetik.

Badira Depardieu eta Vermut gehiago gizartean. Sinetsi eta zaindu beharrekoak dira bortxaketak salatzen dituzten emakumeak. Haiek berriro bortxatzea baita esatea zergatik ez zuten hasiera-hasieran salatu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.