Lide Hernando.
Ikus-entzunezkoak

Dibertsio bidezko dibertsitatea

2024ko martxoaren 19a
05:00
Entzun

«Gaur garagardotegi batean gaude Donostian. Garagardoa ez dut gustuko; Donostiaren inguruko iritzia ez dut emango», horrela hasten du Divina Komediak Zutunik Gazteako bideo-podcast bidezko saio komiko berriaren bakarrizketa. Nik eta bertan egoteko aukera izan genuen donostiar guztiok jada barre egin genuen iruzkinarekin.

Divina Komediarena da Hiru Damatxok ekoitzi duen Zutunik saioak eskaini duen lehen bakarrizketa; eta beste hiru etorriko dira gero: Maddalen Sorzabalbere, Beñar Iturbe eta Ane Lindane. Esan bezala, saioaren grabaketan egoteko aukera izan nuen astelehen euritsu batez Igarako (Donostia) Gross garagardotegian, eta, komedia gustuko baduzue behintzat, galdu ezineko saioa iruditzen zait. Euskal stand-up-aren aparretan dagoen Antton Telleria ere bertan izan zen, lau hizlarien aurkezle eta zubi lanak egiten; eta, espero zen bezala, bere hitzartzeek ere barre algara mordoa eragin zituzten.

Sentsazioa dut, beste alor batzuetan ez bezala, stand-up-aren kontuarekin Euskal Herria oso atzetik zebilela oraintsu arte. Espainiako telebista saioetan agertzen ziren komedianteak gero eta ugariagoak eta heterogeneoagoak ziren bitartean, bazirudien gurean ez zegoela oraindik halako eszenarik. Azken urteotan, ordea, bolbora bezala zabaldu da monologoen katalogoa, eta orain ezin dugu imajinatu euskal eszena bat barrea eragiten digun jende hain beharrezko hori gabe. Aipatu beharra dago, nire ustetan behintzat, pandemiaren urte ilun haietan Aitziber Garmendiak, Kepa Errastik, Jon Plazaolak eta Getari Etxegaraik zuzendutako Barre Librea saioa aitzindari izan dela aro berri honen suspertzean.

Zutunik saioarekin lortu diren gauza politetako bat, nire ustez, euskal komediaren dibertsitatea islatzea izan da. Bertan egon izanak pribilegiatu egiten nauenez, utzidazue zuei eztia ahora apur bat gerturatzen: ez duzue imajinatzen zein ezberdinak, originalak eta bakarrak diren bertan egondako bakarrizketa egile bakoitza. Komedia mota bakar bat dagoela uste duenak ezusteko bikaina hartuko du lau atalak ikustean.

Oraingoz, ordea, soilik Divina Komediarena ikus daiteke Gazteako Youtubeko kanalean. Bi astean behin bakarrizketa berri bat igoko dute. Ni, behintzat, irrikaz nago bertan bizitakoa berriz ikusteko!

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.