gaizka izagirre
Ikus-entzunezkoak

Epopeia historiko ikusgarria

2024ko martxoaren 22a
05:00
Entzun

XVII. mendearen amaieran eta Japonian girotuta dagoen Shôgun telesailak bederatzi milioi ikustaldiren langa gainditu du, eta Disney Plusen historian gehien ikusitako fikziozko telesaila bihurtu da. Arrakasta horren zergatia ulertzeko asmoz, Mickey saguaren plataforman murgildu eta ikusten hasi naiz. Iaz Blue Eye Samurai animaziozko telesail zoragarria ikusi nuen eta, hasieran, behintzat, dituen antzekotasunak kontuan izanda, nagikeria eragiten zidan hori ikusteak. Zorionez, oker nenbilen.

James Clavellek 1975ean idatzitako izen bereko nobelaren egokitzapena da. 1980an miniserie arrakastatsu bat ere izan zuen, Richard Chamberlain eta Toshiro Mifune protagonista zituena. John Blackthorne goi mailako ofizial ingelesa eta haren itsasontzia Japoniako kostan hondartu dira. Bere ontziak hondoa jo du, eta bera eta tripulazioa Japoniako familia boteretsuenetako baten esku geratu dira: Yoshii Toranagaren klana. Agintariek preso eraman dituzte. Blackthorne bere bahitzaileekin komunikatzen saiatuko da, kideen bizitza salbatzeko. Aldi berean, Japonia gerra zibilaren atarian dago. Protagonista batzuk europarrak izan arren, istorioa batez ere japoniarren ikuspuntutik kontatzen da. Testuinguru horretatik abiatuz, traizioak, xantaiak, erritu tradizionalak, indarkeria une gordinak eta boterearen aldeko etengabeko borrokak ikusiko dituzue. Japonia feudalean girotutako generoaren film klasikoak gogoratzen dituen osagaiz josia dago, baina Game of Thrones-en erako alderdi bisual apartaz apaindua; ekoizpen diseinua ikusgarria iruditu zait. Oro har, oso ondo girotuta dago telesaila, eta gainerako atal teknikoen gainetik, argazkigintza eta bereziki jantzien alorra iruditu zaizkit ikusgarriak. Arropekin egin den lanketa itzela da, pertsonaien estatusa eta bilakaera ulertzen laguntzen baitute. Akzio eta indarkeria eszenekin ere distira egiten du telesailak.

Amaitzeko, ohar bat: hasieran, behintzat, nahasgarria iruditu zait pertsonaia bakoitza nor den jakitea. Su motelean kozinatzen den istorioa du oinarri; beraz, pazientzia gutxiko ikuslea bazara, uxatu zaitzake. Pazientzia. Atalek aurrera egin ahala katigatuko zaitu. Indar bisuala guztiz bat dator gidoiarekin. Epopeia historiko ikusgarria iruditu zait.


 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.