Irlen sarea

Eraldaketa

gorka julio
2011ko otsailaren 3a
00:00
Entzun
Eraldaketaz hitz egiten dugunean agenda propio bati buruz hitz egin behar dugu. Agenda propio horrek adostasun berriak sor baititzazke. Agenda propioa izateak eztabaida, informazio eta ekintza propioak izatea esan nahi du. Beharbada horiek guztiak teknologiaren bidez gauzatu daitezke, baina teknologiek eremu horretan ez dute zertan erabakigarriak izan; konpromiso maila handiko guneak baitira.

Ondoren bai, helburua adostasun sozial berriak sortzea bada, eztabaida horiek, agenda propio hori lotura arinen bidez sare zabalera ere zabaldu beharko dira. Azkenik, eztabaida horiek arrakasta badute, zabaltzea lortuko dute, baita komunitate konkretu batetik harago ere. Komunitate batetik sortu diren ideiak, mito moduan zabaltzen hasten direnean, adostasun sozial zabalago batera iritsi direla adieraziko du.

Agenda propioa eduki gabe, adostasun sozialak eraikitzea oso zaila da. Hori gabe «gobernu demokratikoetan» hedabideek eraikitako «zentzu komunaren» esku egongo gara, eta diktadura baten azpian dauden gobernuetan, «errealitate aldaezinaren» atzaparretan.

Hori gertatzen da, adibidez, hemen hedabideek botatako albisteekin, sare sozialen bidez zabaldu eta informazio horien berri ematea lortzen dute. Horregatik hedabide handiek Facebook eta Twitter begi onez ikusten dituzte, beraien mezua zabaltzen laguntzen baitute. Gogoratu, aldiz, blogen sorreran kazetaritzaren mundutik sortutako beldurrak.

Eraldaketa sozialek, adostasun sozial bat egoteaz gain, testuinguru egoki bat ere behar dute. Tunisian gazte baten hilketak mugimenduari hasiera eman zion. Adostasun sozial bat zegoen gobernuaren kontra, gertakari konkretuak jendearen haserrea piztu zuen, baina egoera sozial larri baten testuinguruan izan ez balitz, ez litzateke ezer gertatuko. Testuinguru konkretu batean, komunitateak sortu, agenda propioa eraiki, komunitateen artean eta sare guztiarekin ideiak komunikatzeko eta adostasun berriak eraikitzeko kapazitatea erakusten dutenek mundua alda dezakete, eta aldatzen ari dira. Internetek eta komunikazio teknologiek horretan lagundu dezakete, komunitateak behar dituzten tresnak izaki, eta batez ere elkarren artean koordinatu eta komunikatzeko; baina puzzlearen pieza bat bakarrik dira, gertakarien izaera asko baldintzatzen duten arren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.