Miren Manias.
EKOGRAFIAK

Erronka partikularra (II)

2018ko azaroaren 28a
00:00
Entzun
Zein da behien adarren funtzioa? Berez, genetikoa da, baina Suitzako abeltzain batek dio behiak adarrekin askoz ere zoriontsuagoak direla. «Adarrak utzi egin behar zaizkie behiei. Begiratzen diezunean, burua goian mantentzen dute, eta harro sentitzen dira; adarrak kenduz gero, triste jartzen dira», azaltzen du Armin Capaulek. Herrialdeko behi kopuruaren %90 osatzen dute adarrik gabekoek, eta, oraingoz, erreferenduma bultzatu du Capaulek. Auzia: adarrik gabeko behiak hazten dituzten abeltzainei diru laguntza eman ala ez.

Ba al zenekien munduko azken errinozero ar zuria hil dela? Sudan deitzen zen. Urte dezente aritu zen neska lagun bila —bikotea bilatzeko Tinder izeneko aplikazioan kontua zabaldu zuen ere—, baina ez zuen zorterik izan haren espezie berririk ugaltzeko. Errinozero zuriaren 300.000 litro espermatozoide gordeta daude, halere, eta zientzialariek horietan jarri dute esperantza guztia. Izan ere, espezie bereko bi eme daude bizirik, eta ernalketa artifiziala saiatzen ari dira.

Plastikoa jaten dugu, eta plastikoak jaten gaitu. Itsasoak, zehazki, gizakiak jaurtitako zortzi milioi tona plastiko irentsi behar izaten du urtean. Horren kalteak, jada, agerikoak dira gure egunerokoan. Berriki egindako ikerketek itsasoan aurkitutako plastikoen zatiak identifikatu dituzte elikagaietan: arrainean, iturriko uretan eta garagardoan, besteak beste. Alarma oihua egin dute adituek, Lanzaroten (Kanaria uharteak) egindako biltzarrean. Diotenez, arazoaren gaineko kontzientzia egon badago, baina neurri politiko gehiago behar dira.

Plastikoak ez ezik, publizitateak ere jaten gaitu. Datuen pribatutasuna babesteko Espainiako lege berriaren ondorioz, besteak beste, alderdi politikoen mezuak jasoko ditugu gure sakelakoetan. Haiek guri inolako baimenik eskatu behar izan gabe. Jakina, ez zen zailtasun handirik izan adostasuna lortzeko Diputatuen Kongresuan: alderdi guztiek bozkatu zuten horren alde.

Lander, ez harritu goizeko ordu txikitan sakelakoak jotzen badizu hauteskundeetarako boza eskatzen duen mezuarekin —bai, edozein dela alderdi politikoa!—. Non izan dudan horren berri? Uste dut gehiagotan ikusi beharko genukeela La2eko albistegi berria, non kultura gaiek agintzen duten herritarren iritzi kritikoa indartze aldera. Horra erronka partikularreko nire lehena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.