Bizitza istripu segida bat besterik ez da. Edozein asmo xehetasun txikieneraino planifikatuta ere, sekula ez da zehazki jazoko esperotako hori. Deterministek patuari egotziko diote beharbada, baina planaren herren bakoitzarekin errealitate berri bat sortzen da, espero eta planifikatu gabea; hurrengo akatsak moldatzen du gero, eta halaxe, etengabe. Lasai, ez naiz edo beharbada, bai Iruñeko sanferminek eragindako zorabiotik filosofiko jarri. Badu bere azalpena. Izan ere, orriotan idatzitako azken zutabearen izenburua istripuzkoa da. Esnatzeko behar zuen, baina izen bereko beste dokumentu bat nuenez, ordenagailuak automatikoki gehitu zion hori adierazten duen marratxoa: Esnatzeko (I). Eta halaxe egin du, istripuz, papertegirainoko bidea. Marratxo horrek nolabaiteko segida iragartzen du, ordea, eta ezinbestean derrigortu nau bigarren zatia idaztera.
Niretzat bezala, asteotan goiz samar esnatzeko aitzakia dira entzierroak. Eta aurten, ETB1en ikus daitezke. Joseba Olagaraik eta Nerea Reparazek aurkezten duten berrogeita bost minutuko saioaren elementu nagusia dira. Baina ez bakarra: kaleko jendearen inpresioak biltzen dituzten bi kazetari ere badaude, eta, horrez gain, platoko hiru aditu edo gonbidatu. Lehen entzierroan Iosu Vazquez korrikalaria, Gaizka Aranguren komunikatzailea eta Paula Arregi Tafallako Ikastolako zuzendaria izan dituzte lagun. Saioak, formatuan behintzat, TVEk baliatu izan duenaren egitura bertsua du.
Tonuan dago alde nabarmena. Urte luzez Ana Prada eta Javier Solanoren ahotsa izan da esnatu berritan entzun izan dudana: adituarena, klasikoa. Entzierroei solemnitatea edo handitasuna ematen diete, arte diziplina serioaren kategoria ia. Gertakari eta irudi lazgarriak ikus daitezkeela badakite; festa bezainbeste izan daitekeela tragedia. ETB1eko emankizunak, ordea, Udak dakarrena gisako saioen tonu informala gogorarazten du. Alaia eta atsegina da, eta festa giroa da nagusi. Ulertzekoa den moduan, Olagarai eta Reparazi entzierroen ingurumarietako kontuen jakintza sakonagoa ere falta zaie. Baina pilatuko dute, bai behintzat ETB1ek sanferminetan euskaraz esnatzeko aukera eskaintzen jarraitzen badigu. Lotarako, ordu gutxi batzuk beranduago, Frantziako Tourra izaten den modu berean.
EKOGRAFIAK
Esnatzeko (eta II)
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu