Arantza Gutierrez Paz.
Podcastak

Ezer ez eta festa

2024ko apirilaren 21a
05:00
Entzun

Nola otu ahal zaio norbaiti hizkuntzari buruzko podcast bat egitea? Badago gairik lehor edo aspergarriagorik gramatika, semantika, sintaxia edota ortografia batzen dituen hori baino? Gainera, eskolarik emateko gogorik gabe, material didaktiko bihurtzeko asmo barik eta, noski, entretenitzeko helburuz egindako saioa da, edozein entzuleri zuzendua, eta ez euskaltzain bihurtu nahi den filologoari. Bada, Irene Arrarats Lizeaga eta Maialen Berasategi Catalan ausartu dira, eta, irakurtzen gozatzen duzun liburuekin gertatzen den bezala, harrapatu nau, eta dagoeneko hirugarren atalaren zain nago; are gehiago, horretan hizkuntzaren erabilera (antza) sexistaz eta ez-sexistaz hitz egingo dutela iragarri dutelarik. Hori etzi izango da, eta ziur nago gako interesgarriak emango dituztela; dagoeneko horietako batzuk agertu dira aurreko bi emanaldietan, genero ikuspegia agurretik oso presente baitago.

Programak baditu irratsaio bati eskatzen zaizkion ezaugarri guztiak. Hasteko, mimo handiz landutako gidoiaren gaineko lokuzio bikaina; eta ez naiz soilik euskal ahoskatze eta intonazioaz ari, horiek eredugarriak badiren ere, belarritarako musika. Nabaritzen da kapitulu bakoitzaren atzean izugarrizko lana dagoela, gainera, musika-aukeratik irakurritako testuen hautaketaraino… Imajinatzen dut planifikazio-bileretan lan handia dutela gidoilariek eta teknikariek (denak emakumeak, nabarmendu nahi dut) zein material sartu eta zein baztertu erabakitzeko, eta nola josi neurriko jantzia lortu arte, elegante eta arina aldi berean, jostura bat ere agerian utzi gabe. Horregatik, dagokion balioa eman nahi diot Oli Artola Apeztegia eta Lara Madinabeitia Nanclares teknikarien muntaketa-lanari.

Esan bezala, saioa ez dute sortu hizkuntza irakasteko asmoz, eta euskaraz haratago mintzairaz ari dira, pertsonen artean komunikatzeko ezinbesteko tresna den horretaz. Adibide zehatzekin ulerterraza egiten dute hizkuntz liburuetan askotan modu aldrebestu edo abstraktuegian azaltzen dutena, eta, bide batez, agerian uzten dute hizkuntza izaki bizirik dela, hiztunok egiten ari garena, zenbaitetan kalko edo uste okerrak gureganatuz eta beste batzuetan hitz edo esamolde berriak sortuz. Nire aburuz, podcast honek komunikazioko ikasleen (eta profesionalen) oinarrizko ikasmateriala edo erreminta izan beharko luke, hiztegia, Berriaren Estilo Liburua edo hizkuntza inklusiboen gidekin batera. Eta den-dena umore puntu batekin, irribarrea eragiten dizuna!

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.