urtzi urkizu
Kritika. Dokumentala

Faxistei gustatuko ez zaien film bat

2023ko uztailaren 30a
00:00
Entzun

'March on Rome'



Zuzendaria: Mark Cousins. Iraupena: 98 minutu. Non ikusi: Filminen, abuztuaren 24ra arte.


Interpretazio bat baino gehiago egin daiteke Mark Cousins Irlandako zinemagileak zuzendutako March on Rome dokumentalaren inguruan, eta interpretazio bakoitzak ere izan ditzake bere ñabardurak. Faxismoak 1922. urtetik izan duen gorakadak eta bilakaerak askorako ematen baitu, eta egileak hainbat galdera jaurtitzen baititu faxismoaren aztarnekin —eta filmekin— egin beharrekoaz.

1922ko udazkena da. Napolitik Erromara abiatuko dira alkandora beltzeko faxistak. Benito Mussolini ere Erromara doa. Eta dokumentalak iradokitzen duenez, masoiek bultzatuta egin zuten «botere transferentzia» duce italiarra gobernuburu jartzeko. Paradoxa da, handik hiru urtera Italiako Gobernuak masoiak eta tankerako elkarteak suntsitu baitzituen.

Faxistek filmatu egin zuten Erromara abiatu zen martxa hura. A Noi! filmeko (1922) irudiekin jokatzen du Cousinsek, tarteka. Eta galdetzen du: «Zer egin filmarekin?». Baina zinemagileak txertatzen ditu bestelako film batzuen irudiak ere, diskurtso antifaxistari indarra emateko.

Hain zuzen ere, zuzendariak ez du neutraltasunik azaleratu nahi. Subjektibotasunez kontatzen ditu Mussoliniren ingurukoak. Baita Erromarako martxak beste herrialde batzuetan izandako eragin agerikoak ere; esaterako, 1926ko Lisboarako martxak Portugalen ekarri zuen diktadura. Deigarria da, halaber, faxista italiarren martxa hark nolako lilura eragin zuen AEBetako egunkarietan eta Europa erdialdeko beste herrialde batzuetan.

Cousinsek ez ditu albo batera uzten Italia faxistak Afrikako kolonietan egin zituen basakeriak ere. Mussoliniren gobernuak milaka hildako eragin zituen Afrikako zenbait herrialdetan, eta kolonialismoaren salaketa da dokumentalaren indarguneetako bat.

Francisco Franco eta Adolf Hitler ere han dira, Mussoliniren gertuko. Japoniako ultraeskuindar politikari batzuen erretratua ere ageri da filmean. Faxismoaren bueltako azpigai ugari jorratzen baititu Cousinsek, zenbaitetan modu hipnotikoan. Formalki, Alba Rohrwacher aktoreak egiten dio kontrapuntua off-eko ahotsari: kamerari begira, eta atzeko pantaila batean artxiboko irudiak ageri direla.

Bada tarteren bat edo beste dokumentalak handinahia izateko trazak hartzen dituena. Ematen baitu zuzendariak asmoa duela bere artefaktuarekin historia berreraiki eta zimendu batzuk kolokan jartzeko. Edo gizartean zuzenean eragiteko, zinema arma gisa erabiliz. Zilegi da xede hori, nahiz eta badituen arriskuak.

Egileak nahiago izan du, ordea, ikuslea hotz ez utzi. Irudiekin eta hitzekin jo. Eta gaur egungo faxismoa ere interpelatu. Mussoliniren menpeko alkandora beltzen itzala ez baita berehalakoan desagertuko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.